AKTUALITATEA


| 2020-05-14 10:33:00

EH Bildu-k Kultura eta Kirola Diputatuari zuzendutako galdera sorta bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean Udalekuak 2020 kanpaina nola egingo den ezagutzeko asmoarekin. Izan ere, Aldundiak kudeatzen dituen udalekuak eta gazte bidaiak programak esleitzeko tramitazio guztiak bertan behera gelditu dira, eta Arabako familiek zein enpresa-kudeatzaileek, gaur egun, ez dute horren gaineko informaziorik.

Orain dela aste gutxi, zerbitzua beti bezala eskaintzea zaila izango zela adierazi zuen Kultura Diputatuak baina ez zuen alternatibarik jarri mahaiaren gainean, eta, gaur egun, herritarrek ez dakite sikiera zenbat plaza eskainiko dituen Aldundiak.

June Mugica batzarkideak gaitzetsi duenez, Kultura eta Kirol Saila oraindik ez da normalean udalekuak kudeatzen dituen enpresekin bildu egoera honi irtenbide bat emateko eta gure haur eta gazteek udan aisialdi aukerarik izateko: “Arabako umeek eta gurasoek eskubide osoa dute gazteenek uda partean izango dituzten aisialdi aukerak jakiteko”.