AKTUALITATEA


| 2020-05-21 07:53:00

EH Bildu-k mozio bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan, Foru Aldundiak ofizioz onar dezan eta atzeraeraginez ordain diezaien Familia Inguruneko Zaintzarako Prestazio Ekonomikoa eguneko zentroen itxierak eragindako pertsona guztiei. Laguntzaile pertsonal bat kontratatzea aukeratuz gero, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa atzeraeraginezko izaeraz onartzeko eta ordaintzeko eskatu du EH Bildu-k.

Horretaz gain, Claudia Venceslao batzarkideak adierazi du Foru Aldundiak beharrezko inbertsioak aurreikusi behar dituela Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eguneko arretaren estaldura bermatzeko.

Venceslaok gogorarazi duenez, familiak berak izan dira pandemia aste hauetan, ia inolako laguntzarik gabe, menpekotasuna duten pertsonak etxean zaintzeari ekin diotenak. Testuinguru horretan, beharrezkoa den aitorpen ekonomikoarekin batera, EH Bildu-k familiek beste babes mota batzuk izatearen alde egin du, eta horretarako, berriro ere, Aldundiaren eta eragile sozialen arteko lankidetza azpimarratu du.

Alarmismoetan erori gabe, Venceslaok esan du "oso litekeena" dela normaltasun berriaren beharretara egokitzearen ondorioz eguneko zentroetako batzuek plazak galtzea. EH Bildu-ren arabera, egoera horrek ez du ekarri behar Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren estaldura murriztea, eta, beraz, ezinbestekoa ikusten du baliabide berriak irekitzea.

"Aldundia Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko gizarte-langileekin koordinatu behar da. Modu honetan, pertsona kaltetuak Etxeko Laguntza Zerbitzuan sartzen laguntzea baliatuko litzateke", ondorioztatu du Venceslaok.