AKTUALITATEA


| 2020-05-18 11:23:00

EH Bildu Jaiki Araba aurkeztu du gaur, politika publikoak krisi sozioekonomiko eta sanitario berrira ahalik eta lasterren egokitzeko larrialdi plan instituzionala. Plan horretan, EH Bilduk hiru fase ezartzen ditu. Lehenengoan, 2020ko udaberri eta uda honetan, sektore sozial, ekonomiko eta kolektibo ahulenen beharrei aurre egin ahal izatea planteatzen da. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak 120 milioi euro baino gehiagoko funts bat izan dezakela aurreikusi du EH Bilduk, gastu horiei aurre egiteko.

45 milioi euro Foru Aldundinak duen soberakinetik datoz, beste 50 milioi euro zorrari dagozkio eta aukera bezala, FOFEL 2020ra bideratutako zenbatekoaren zati bat atxikitzea proposatzen da betiere Arabako Toki Erakundeekin adostutako neurria bada. Gainerako 27 milioi euroak indarrean dagoen aurrekontuko gastuen egoera sakon berrikusi ondoren aterako lirateke. Aurrekontu-sail guztiak aztertu ondoren, EH Bilduk uste du 27 milioi euro gehitu daitezkeela aurten gauzatu ezin izango diren edo hurrengo urteetara atzeratu daitezkeen beste proiektu batzuetatik; besteak beste, egingo ez diren hainbat ekintza –eskola kirola, Azkena Rock, Ironman- edo atzeratu daitezkeenak -7 milioi errepideen proiektuetarako, Mendizorrotzako eta Miñaoko zabaltzea proiektuak…-.

Kike Fdez de Pinedok, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak, plan horren nondik norakoak azaldu ditu, eta erantzukizunetik adostasunetara heltzeko deia egin du. "Hau ez da plan itxi bat, guztion artean krisiari irtenbidea emateko proposamen bat baizik. Asteak daramatzagu errepikatzen, krisi honen dimentsioaren aurrean, funtsezkoa dela talde politiko guztien parte-hartzea, baita Arabako sare instituzionala ere. Baina ezinbestean eragile ekonomiko, sozial eta sindikalei entzun beharko diegu, guztien artean neurri eraginkorrenak lantzeko. Foru Gobernuak behin eta berriz ezezkoa eman dionez, EH Bildutik elkarrizketak abiatu ditu diagnostiko ahalik eta zehatzena egiteko, horren ondorioz, gastua birbideratzeko neurri zehatzak zehaztu ahal izateko ", azaldu du Fdez de Pinedok.

Gizarte-prestazioak, zainketen esparrua eta lurralde zein tokiko ekonomia sareak izango dira lehentasunez jorratu beharreko arloak lehen fase horretan. Zainketen arloan, EH Bilduk gizarte-politikak indartu, hobetu eta birbideratu nahi ditu, pandemiak agerian utzi dituelako gabeziak: gainezka daude, gutxiegitasuna eta eredua agortuta dago. Lurraldeko eta tokiko esparru sozioekonomikoan, EH Bilduk zuzeneko eta premiazko laguntzak proposatu ditu orain arte krisiak gogorren jo duen sektoreetan: autonomoak, ostalaritza, turismoa, merkataritza txikia eta kultur ekoizpena. Beste plano batean, eredu industrialaren trantsizio baterako lehen urratsak eman behar dira, automobilgintzaren eta fabrikazio tubularraren mendekotasun txikiagoa duena.

Energia-enpresei tasa eta COVID tasa

Aurreko neurriekin batera, EH Bilduk beste neurri batzuk proposatu ditu foru eta udal ogasunean diru-sarrerak handitzeko. Besteak beste, lurzorua, hegala edo lurpea okupatzeagatik energia garraiatzen duten enpresei tokiko tasa bat. Fdez de Pinedok zehaztu duenez, tasa horri esker, tokiko erakundeek ezohiko funts bat izango dute, kuantifikatzeke dagoena, 2020ko ekitaldian ez ezik, ondorengo urteetan ere erabiltzeko. Bestalde, EH Bilduk "COVID tasa" 2019ko foru zerga nagusien tarte altuenetan aplikatzearen alde egin du, urgentzia fiskaleko Foru Arau berri bat premiaz onartuz.

Udazkenean hasiko litzateke plan horren bigarren fasea, zerga eta aurrekontu erreforma sakon bat abian jartzeko, diru-bilketan izandako beherakadari eta baliabide publikoen murrizketari aurre egin ahal izateko. "Ezin dugu inor atzean utzi eta baliabide gehiago beharko ditugu beharrei aurre egiteko", esan du Fdez de Pinedok. 2021eko urtarriletik aurrera, hirugarren eta azken fasea hasiko litzateke, eta, EH Bilduren iritziz, "gastu publiko handiena lehentasunezko eremuetara bideratzeaz gain, eskura dauden baliabideak egoera ekonomikoaren bilakaerara egokitu beharko dira, susperraldiaren bidera iritsi arte".