AKTUALITATEA


| 2025-11-17 10:39:00

Iruña-Veleiako aztarnategian kontrolik gabeko 400 esku-hartze inguru egin zituzten hainbat ezezagunek 2024 eta 2025 artean metal detektagailuei esker, inolako metodologia arkeologikori jarraitu gabe

Araba. 2025-10-17 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat erregistratu du metal detektagailuen erabilera arautzeko eskatuz, aztarnategi arkeologikoetan eta lurraldearen ondare historikoan eragiten duten kaltea saihesteko asmoz.

Joan den ekainean jakin genuen bi pertsona identifikatu zituztela Iruña-Veleiatik hainbat pieza arkeologiko eta txanpon lapurtu ondoren, eta prentsan adierazitakoaren arabera, aztarnategian sarrera ugari eta legez-kanpoko 400 kata egin zituzten. Hori dela-eta, EH Bilduk Ana del Val Kultura diputatuaren agerraldia eskatu zuen, azalpenak eman zitzan.

Agerraldi horretan jakin zuten EH Bilduko kideek norainokoa zen espoliazioa: «Batzorde horretan konstatatu ahal izan genuen 16 hilabetez egon zirela espoliatzaileak Iruña-Veleiako aztarnategian sartu-irtenean. Ezin izan da jakin zenbateko hondamendia sortu zuten, baina ezin da de zalantzan jarri hainbeste denboran zehar eta legez kanpoko 400 lagin inguru eginda, kalteak oso handiak izateko aukera handiak daudela», esan du Xabier Valdor EH Bildu Arabaren batzarkideak.

Metal detektagailuak eskuratzeko erraztasunak eta prezio merkeek eragin zuzena izan dezaketela ikusirik, eta diputatuak berak proposatutako aldaketa legislatiboak kontuan izanik, EH Bilduk pauso bat aurrera eman du, eta metal detektagailuak debekatzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, Kultur Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 legea aldatuz, «ondare kulturala eta ondare historikoa kaltetu eta espoliaziorako bideak ekiditeko».

Halaber, Jaurlaritzari eskatu diote Lege horretan bertan arautzeko metal-detektagailuak eta bestelako tresna edo tekniken erabilera baimentzeko Foru Aldundiaren kultura zuzendaritzaren aldez aurretiko onarpena izan dezala. Azkenik Arabako Foru Aldundiari eskatu diote legea aldatzeko jarrera defendatu dezala publikoki eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean.