Positibotzat jo du proiektuak EH Bilduk eta Foru Gobernuak iaz adostutako konpromiso-kredituak aintzat hartzea, baina beste gai batzuei ere erantzun behar zaiela uste du, hala nola Aiaraldeko egoerari
Araba. 2025-10-14 | Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak Arabako Foru Aldundiak atzo aurkeztutako 2026rako aurrekontu proiektuaren lehen balorazioa egin du gaur.
Lopez de Arroyabek nabarmendu du atzo arte ez zutela proiektuaren berri izan, nahiz eta Ahaldun Nagusiak aurrekontuak aurkeztu aurretik talde batzuen babesa lortzeko helburua ezarri. «Zaila dirudi ezagutzen ez den proiektu bati norbaiten babesa lortzea», adierazi du bozeramaileak ironiaz. «Nolanahi ere, orain beste garai bat ireki da negoziazioan, eta, beti egin dugun bezala, erantzukizunez, borondatez eta zintzotasunez egin behar diogu aurre».
Lopez de Arroyabek positibotzat jo du atzo aurkeztutako proiektuak EH Bilduk eta Foru Gobernuak iazko aurrekontuetan adostutako konpromiso kredituak jasotzea. Konpromiso-kreditu horiek hainbat gai finantzatzeko hitzartu ziren iazko akordioan: «Araban Bizi Bedi programaren bidez alokairuko etxebizitza sustatzeko, Kanpezuko egoitza publikoarekin kalitatezko zaintzak bultzatzeko, trantsizio ekosoziala sustatzeko kontsumoak murriztuz, kontzejuak biziberritzeko planekin lurralde-kohesioa lortzeko edo foru-suhiltzaileen plantilla handitzearekin batera larrialdi-sistema indartzeko».
Baina, konpromiso-kreditu horiez gain, Arabak beharrizan gehiago dituela nabarmendu du Lopez de Arroyabek: «Orain erronka horietan sakontzen jarraitzea eta Aiaraldeko Eskualdeak bizi duen egoerari erantzuna ematea dagokigu, tokiko erakundeentzako finantziazio justuan aurrera egiten jarraitzea eta olatu erreakzionarioari aurre egingo dioten politika publiko eraginkorrak abiatzea». «Foru politikak birbideratzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu, eta Arabarako akordiorik onena lortzeko borondatea berresten dugu», amaitu du bozeramaileak.