AKTUALITATEA


| 2025-11-12 16:05:00

Batzar Nagusiek erakunde ezberdinei eskatu diete Miranda-Gasteiz-Altsasu korridorean kalitatezko aldiriko tren baten aldeko lanean sakontzeko, toki erakundeekin eta gizarte eragileekin elkarlanean

Araba. 2025-11-12 | Arabako Batzar Nagusien gaurko osoko bilkuran akordioa lortu du EH Bilduk, Araban «benetako eta kalitatezko aldiriko tren zerbitzua» izateko. Jatorrizko mozioan oinarrituta, ekimen bat adostu dute EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Araba taldeek, eta aldeko botoa eman du, gainera, PPk.

Gaurko eztabaidaren jatorria 2024ko ekainean dago. Une hartan mozio bat onartu zen Batzar Nagusietan lau eskakizun nagusirekin: erakunde arteko lantalde bat abiatzea aldiriko trena sustatzeko; korridoreko azpiegituren egoera ezagutzeko lana egitea; zerbitzuaren maiztasun egokiak bermatzea, eta hori guztia prozesu parte-hartzaile eta ahalik eta gardenenaren bitartez egitea. Azken puntu horrekin lotuta, noski, toki entitateen parte hartzea funtsezkoa zen mozioa hartan.

Gaur, beraz, mozio hori betearazteko ekimena eraman du EH Bilduk osoko bilkurara, eta Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak laburbildu du azken hilabeteotan gertatutakoa: «Gaur egun, ez dugu ohiko aldiriko trenik. Hori bai, tren bat daukagu, distantzia ertainerako errefortzua dakarrena, baina ez da korridoreko herrietan historikoki eskatu dena. Hala ere, uste dugu, erabiltzaile kopuruak mantendu edo handitzen badira, aldiriko tren hori lortuko dugula azkenean, eta ordutegiak errealitate desberdinetara zabaldu eta egokitu beharko direla».

Benetako aldiriko tren hori sortzeko bidean, Lopez de Arroyabek gogora ekarri du ez dela bete 2024ko ekainean onartutako mozioan eskatutakoa: «Momentuz, ez da markorik sortu eta ez dakigu sortuko den ala ez, udalek ez baitute horretarako gonbidapenik jaso. Orain arte daukaguna da urte amaierarako balorazio moduko bat egingo dutela, eta hori ere ez da bete oraindik».

Hori guztia azkartzeko, gaur adostutako mozioan taldeek eskatu dute zerbitzua etengabe hobetzeko konpromisoa indartzea, gero eta arreta osoagoa eta berme osoz eskaintzeko beharrezko baldintzak modu mailakatuan ezartzeko. Halaber, eskatu dute udalerriei berma diezaietela sortutako lantaldeetan parte hartzea, haien ekarpenak kontuan har daitezen. Azkenik, tren zerbitzuak geltoki berriak izateko aukera aztertzeko eskatu dute, bereziki industrialdeetan eta biztanleria-dentsitate handia duten eremuetan, hala nola Gasteizko Zabalgana eta Salburua auzoetan.

«Urratsak eman behar ditugu ahalik eta zerbitzurik duinena izateko, hau da, benetako aldiriko zerbitzu baten aldarrikapenari eutsi, herritarren beharrei egokitutako ordutegien aldaketa bultzatu, irisgarritasuna bermatze bidean jarri, bai trenetan eta baita geltokietan ere, eta azkenik, zergatik ez, BAT txartelarekin bateragarria egitea. Eta hori guztia, noski, korridoreko herrien ahotsa eta iritzia kontuan hartuz egin behar dugu», esan du Eva Lopez de Arroyabek.