Araba | 2022-10-25. Datorren urteko aurrekontuen negoziazioari begira, EH Bildu aurreproiektua negoziatzeko prest azaldu da, beti ere bizi garen egoera larriari erantzuten badiote. Horrela azaldu dute EH Bilduko bozeramaileek Kike Fernandez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek gaur egin duten agerraldi batean. “Garai gorabeheratsuak bizi ditugu eta dirudienez 2023a urte zaila izango da; hori dela-eta. Erantzukizunez jokatzeko asmoa eta elkarrizketarako prestutasuna adierazi nahi dugu”, iragarri du Eva Lopez de Arroyabe batzarkideak.
Ildo horretan, hiru dira negoziatzeko orduan EH Bilduren lehentasunak: ongizatea bermatzea eta horretarako herritarrei oinarrizko eskubideak eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea; aberastasunaren banaketa herritarren pobretze progresiboa saihesteko; eta herrialdearen erronka handiei heltzea.
Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Batzarkide Taldeko bozeramaileak azaldu ditu EH Bilduren hainbat lerro nagusi 2023ko aurrekontuei begira. Ongizate bermatzeko energian, garraioan eta zerbitzu sozialetan jarri du EH Bilduk arreta handiena. Zentzu horretan, garraio publikoaren maiztasunak eta doakotasuna handitzea defendatu du, eta energia arloan errenta baxuei zein enpresa txikiei laguntza lerro bat zabaltzea energiaren fakturaren gainkostuari aurre egiteko proposatu du. Zerbitzu sozialetan, EH Bilduren ustez, langileen kopurua handitu, erabiltzaileen ratioak murriztu eta itunpeko plazak handitzeko zerbitzuari lotutako prestazioak gutxitzea planteatu du.
“Proposamen irekiak dira, marra gorririk gabe bereziki ongizatea bermatzea eta aberastasuna banatzea bilatzen dutenak”, zehaztu du Fernandez de Pinedok. Hori dela eta, zerga politikan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan 20.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten pertsonentzako 1.200 euroko kenkari itzulgarria ezartzearen alde agertu da EH Bildu.
Azkenik, aurrera begira eta herrialdean pilatu dituen erronka estrategikoei heltzeko bi arlo azpimarratu ditu: batetik trantsizio energetikoa eta, bestetik, toki erakundeen finantzazioan. Lehenengoan efizientzia energetikoa hobetzeko inbertsioak eta diru-laguntzak, autokontsumorako proiektuak bultzatzea, energiaren demokratizazioaren urrats sendoak ematea eta leku antropizatuetan hasita energia berriztagarrien proiektuak abian jartzea izan behar dira lan ildo nagusiak. Bigarrenean, FOFELen banaketa %58ra igotzea eta kontzeju, udalerri eta kuadrilletarako kantitate finkoa handitzea proposatu du.