EH Bildu Bernedok proposamen irekia helarazi dio EAJren Udal Gobernuari, udalerriko bizilagunek aurrekontuen eztabaidari begira dituzten beharrei erantzuteko helburuarekin. Proposamenen artean, EH Bilduk bi arlo azpimarratu ditu bereziki: klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egitea eta etxebizitzarako sarbidea sustatze sustatzea. Lehenengo kasuan, energia-komunitateak martxan jartzeko partida bat proposatzen du, baita eraikin publikoetan plaka fotovoltaikoak jartzeko ere. Bigarren kasuan, etxebizitzak alokatzeko laguntza lerro bat ezartzea eta etxebizitza merkatura ateratzea ahalbidetuko duten pizgarri fiskalak sortzea.
EH Bilduk, horrela, indarrean egon beharko luketen aurrekontuen eztabaida bizkortu nahi du, kontu horiek udalerriaren beharrei erantzun diezaieten. Ildo horretan, Eneko Mendaza EH Bilduren Bernedoko bozeramaileak gogorarazi du EAJren Udal Gobernuak ez duela gehiengo nahikorik aurrekontuak onartzeko, eta bi aukera baino ez dituela: PP edo EH Bildu.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk bere lehentasunak plazaratu ditu, kopuru zehatzik ezarri gabe, ez baititu aurrekontu proiektuaren xehetasunak ezagutzen. Energia berriztagarria eta etxebizitza sustatzearekin batera, EH Bilduk igerilekuen kudeaketa-ereduari buruzko eztabaida bat irekitzea proposatu du, Udalak zuzenean kontratatu ditzan instalazioetan lan egiten duten pertsonak, tabernaren kudeaketa subasta baten bitartez egiteko eta turismo-estrategia propio bat sortzea. Lehen urrats gisa, webgunea hobetzea eta PR ibilbideen seinaleak berritzea proposatzen du.
Kulturara, euskarara eta berdintasunera bideratutako partidak handitzea, adinekoen egoitzaren eta herrigunearen arteko espaloia egokitzea eta kirol-instalazioak hobetzea dira beste proposamen batzuk. Azken kasu horretan, adibidez, udal-espazioak erreserbatzeko aplikazio bat sortzea proposatzen da, udalerriko bolatokiak konpondu eta hobetzea, spining-bizikleta berriak erostea eta Bernedoko eta Markinezko frontoietan hobekuntzak egitea.