EH Bildurentzat lehentasunak beste batzuk izan beharko lirateke: gazteei etxebizitza eskuratzeko ematen zaizkien laguntzak, plangintza energetikoa, tokiko merkataritzari ematen zaizkion laguntzak, euskara edota integrazioa
Araba. 2025-06-23 | Trebiñuko EH Bildu udal taldeak aurkako botoa eman du gaur Udal Gobernuaren aurrekontu proiektuaren eztabaidan, ez dituelako bere asmoak betetzen. Ritxar Astegieta bozeramailearen arabera, «EH Bildurentzat lehentasunak berdintasunean egon beharko lirateke, gazteei etxebizitza eskuratzeko ematen zaizkien laguntzetan, 2030 agendara hurbilduko gaituen energia-plangintzan, tokiko merkataritzari ematen zaizkion laguntzetan, euskaran edo integrazioan».
Ildo horretan, EH Bilduk hainbat proposamen egin zituen Energia Plana berreskuratzeko, hala nola, frontoian plaka fotovoltaikoak jartzea edo energia-komunitate bat sortzeko urratsak ematea.
Horrekin batera, alokairu sozialeko etxebizitzen eraikuntza bultzatzea proposatu zuen EH Bilduk, batez ere 36 urtetik beherakoentzat. Horretarako, eta lehen urrats gisa, birgaitzeko beharra duten etxebizitzak erostea proposatzen zuten, Arabako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak lortutako aurrekontuen akordioaren ondorioz Aldundiak martxan jarriko dituen laguntza berriak aprobetxatuz.
Herriko merkataritzari laguntzeko kanpaina bat, frankismoak fusilatutako udalerriko bizilagunen azterketa eta omenaldia edota Berdintasun Teknikari plaza berreskuratzea ziren EH Bilduk mahai gainean jarri zituen beste proposamenetako batzuk.
Hala, Astegieta bozeramaileak aurrekontuen proiektuaren aurkako botoa azaldu du: «Lehenik eta behin, ez dugu aurrekontu horiek egiten parte hartu, aurreko gobernu taldearekin ez bezala, eta, bigarrenik, aurrekontu horietatik atera daitezkeen lehentasunekin bat ez gatozelako».
Astegietak gogora ekarri ditu EH Bilduren eta Udal Gobernuaren lehentasunen arteko aldeak: «Gure ustez, egungo gobernu taldearentzako lehentasunak zenbateko handiena duten edo igoera handiena duten partidak dira». «Ez gatoz bat garrantzitsua den horretan, eta, beraz, ez dugu uste aurrekontu sozialak direnik herritarren arazoei erantzuteko», esan du Ritxar Astegietak.