AKTUALITATEA


| 2025-06-25 10:13:00

Gizarte Ongizateko Foru Erakundeak zerbitzu egokia emateko adinako aurrekontu gehikuntza egitea eta langileen lan-baldintzak bermatzea eskatu dute, herritarren kalitatezko arreta emateko

Araba. 2025-06-25 | Arabako Batzar Nagusiek lurraldeko Gizarte Zerbitzu publikoen desmantelamendua eta narriadura geldiarazteko eta kalitatezko gizarte-arreta bermatzeko mozio bat onartu dute gaur, EH Bilduk bultzatuta. Mozioaren aurka bozkatu dute EAJk eta PSEk.

Mozioan, zerbitzuak hondatzen ari direlako kezka adierazteaz eta hori hondatze hori geldiarazteko eskatzeaz gain, Foru Aldundiari eskatu diote Gizarte Ongizateko Foru Erakundeak (GOFE) ematen dituen zerbitzuen azterketa sakona egitea langile batzordearekin elkarlanean, errealitate berrira egokitzeko eta Arabako gizarte zerbitzu publikoen beharrei behar bezalako arreta emateko.  

Horrekin batera, behar besteko aurrekontu gehikuntza egitea eskatu dute epe ertain zein luzera begira, GOFEren beharrak asetu ahal izateko, Arabako herritarrei zerbitzu publiko egokia emate aldera.

Azkenik, Batzar Nagusiek Arabako Foru Aldundiari eskatu diote GOFEko langileen lan baldintza egokiak bermatzea, horrek eragin zuzena baitu herritarrei ematen zaien arretan.

Claudia Venceslao EH Bildu Arabako batzarkideak gizarte zerbitzu publikoen blindatzea defendatu du bere hitzaldian: «Arabako Gizarte Zerbitzuak aitzindariak izan ziren duela hamarkada batzuk zenbait kolektibori arreta ematen, baina gaur egungo argazkia ez da hori, pribatizatu, desegin eta prekarizatu egin delako Arabako gizarte zerbitzuen sistema».

«Kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu Arabako herritarrentzat, eta lan egiten duten, zaintzen duten eta gizarte-zerbitzuen sektorean arreta ematen duten profesional handiek kalitatez lan egin dezaten nahi dugu», amaitu du Claudia Venceslaok.