AKTUALITATEA


| 2021-12-03 10:43:00

Foru Gobernuak EH Bilduren proposamenaren gainean eskaintza bat egiteko konpromisoa hartu zuen arren, ez du halakorik egin, eta kontraproposamenik aurkeztu gabe itxi egin du EH Bildurekin akordio batera heltzeko edozein aukera

Hainbat partida proposatu zituen batzarkide taldeak, lau ardatz aintzat hartuta: trantsizio energetikoa, gizarte politikak, arlo sozioekonomikoa eta gobernantza

 

Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuei osoko emendakina aurkeztuko die EH Bildu Araba batzarkide taldeak, atzo Ramiro Gonzalezekin bildu ondoren. Aurreko bileran Foru Gobernuak proposamen bat egiteko konpromisoa hartu zuen arren, atzoko bileran ez zuen inolako eskaintzarik egin eta, ondorioz, EH Bilduk Gobernuaren aldetik akordio bat bilatzeko borondaterik ez dagoela ulertu eta osoko zuzenketa aurkeztuko dio 2022ko Aurrekontu proiektuari. 

Joan den azaroaren 15ean Arabako aurrekontuak aurkeztu zirenetik, zenbait kontaktu izan dira EH Bilduren eta Foru Gobernuaren artean; azkena, atzo bertan, EH Bilduk aurkeztutako proposamenaz jarduteko bilera egin baitzuten.

EH Bilduk 12 milioi eurotik gorako partidak aurkeztu zituen, trantsizio energetikoa, gizarte politikak, arlo sozioekonomikoa eta gobernantza ardatz hartuta, “baina EAJ-PSE gobernuak ez du horietan akordiorik lortzeko borondaterik adierazi”, Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren bozeramailearen esanetan.

 “Hasieratik bertatik susmatu genuen borondaterik ez zegoela, eta atzo susmo hori egiaztatu genuen, Gobernuak negoziaziorako inolako proposamenik luzatu ez zigunean”, adierazi du Fernandez de Pinedok.