Joan den astelehen eta asteartean bozkatu ziren Ogasun batzordean taldeen proposamenak, eta EH Bilduren neurrietako batzuek ganberako ordezkaritzaren % 90aren babesa lortu zuten
Araba. 2024-12-18 | Ostiralean izango da Arabako 2025eko aurrekontuak berresteko osoko bilkura, eta abstentziora joko dute EH Bildu Arabako 14 batzarkideek. Hala jakinarazi du gaur Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak.
EH Bildu Araba batzarkide taldeak hasieratik adierazi zuen adostutako aurrekontuak ez direla EH Bilduren aurrekontuak, nahiz eta nabarmen hobetzea eta berbideratzea lortu duten. Hori hala izanik, aurrekontuen bozketan abstentzioaren alde egingo dute, horrekin nahikoa baita aurrekontuek aurrera egin dezaten.
Eva Lopez de Arroyabek nabarmendu du Foru Gobernuaren politiken norabide aldaketa lortu dutela EH Bilduk ezarritako lehentasunetan, hau da, etxebizitzan, zaintza politikan, trantsizio ekosozialaren arloan edota tokiko entitateen finantzazioan.
% 90eko babesa
Foru Aldundiaren 2025eko aurrekontu proiekturako taldeek egindako proposamenak bozkatu dituzte joan den astelehen eta asteartean Ogasun batzordean. Lopez de Arroyabek nabarmendu du EH Bilduren proposamenek babes zabala lortu dutela, eta ulertzen du babes hori dela «aurrekontu akordioaren potentzialitatearen isla»: EH Bilduk aurkeztutako emendakinetako batzuek ganberaren ordezkaritzaren % 90eko babesa jaso dute, esate baterako Araba(n) Bizibedi etxebizitza-programa edota lehen sektorerako plan estrategikoa, eta aipatzekoa da bi neurrik (Kanpezuko egoitza publikoak edota mendekotasuna baloratzeko lantalde balioanitz berri bat sortzeak) erabateko babesa jaso dutela. Aitzitik, kontrako botoak jaso dituzten proposamen batzuk dauden arren, kontrakotasun hori ez da iritsi ordezkaritzaren % 20ra ezta neurri batean ere.
«Jaso dugun babesa oso zabala eta maioritarioa izan da, eta horrek argi eta garbi erakusten du EH Bilduk gobernuarekin lortu duen akordioaren potentzialtasuna eta sortzen duen adostasuna. Baina batez ere argi dago akordio honekin Arabak eta bertan bizi eta lan egiten duen jendeak irabazten dutela», adierazi du Eva Lopez de Arroyabek.