AKTUALITATEA


| 2019-10-16 11:59:00

Asteazkenean ospatu den Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Batzordean EH Bildu-k gogor kritikatu ditu EAJ-k dituen zerga-sistema planak. “Araba paradisu fiskal batean bilakatu nahi dute jada enpresa eta aberastasun handientzako onurak daudenean.  Europara begira egon ordez, EAJ eta PSE-ren erreferentzia fiskala PP-k gobernatzen duen Madril da”. Horretarako, EH Bildu taldeko bozeramailea den Kike Fernandez de Pinedok gogoratu du Arabak (6,97) presio fiskal baxueneko hirugarren postua okupatzen duela rankingean. Soilik Madril (7,02) eta Bizkaia (7,06) daude honen gainetik.

EH Bilduk ere salatu duenez, Arabako politika fiskala Bizkaiak ezartzen du, azken honek Iberdrola edo Petronor bezalako enpresen aginduei men egin ostean. “Elite ekonomikoek bidea zehazten dute, Bizkaiko Diputazioak aldaketak iragartzen ditu eta, azkenik, Arabako Diputazioak men egiten du”.

Zentzu honetan, kezkagarritzat jo du PP-rekin 2018an sozietate-zergen gaineko erreforma erregresiboa adostu ostean EAJ-k orain ondare-zergarekin amaitu nahi izatea. Zerga honen bitartez, 2018an 22 milioi bildu ziren eta 2019ko aurreikuspena 24 milioikoa da. “Nola berreskuratuko dugu kantitate hori?”, galdetu dio Fernandez de Pinedok Diputatu Nagusiari. “Ekonomia ondo doala saldu nahi digu, diru-bilketa soilik %1,3ª igo denean. Bitartean, gaur egun. Arabak 600 milioiko zorra du eta arazo ugari konpondu gabe daude”.  

EH Bildu-k ere salatu duenez, neurri hauek gure herrialdeak behar dituen kontrako noranzkoan doaz. “Fiskalitate justu, progresiboa eta bidezkoaren aldeko hautua egiten dugu. Ez daude herrialdeak behar dituen behar sozialen eta estrategikoen araberako zerga-politika bat egiten ari. Horren ordez, biltzen denaren arabera behar hauek kubritzen ahalegintzen ari dira eta horrek zerbitzu sozialen kalitatearen gaizkitzea dakar, alkdaketa klimatikoaren aurkako neurri eraginkorrak hartzen ez diren bitartean”.  

Ekarpen Legeari dagokionez, azken zortzi urteetan gertatzen ari dena “lotsagarri” gisa definitu du.  “Zortzi urte daramatzate hau eguneratu gabe. Zergatik ez dute eguneratzen gaur egun EAJ-k hiru herrialdeetan gobernatzen badu? EAJ-k dituen barne desakordioek herrialde bat bera ere ez albo batera utziko duen banaketa bat egitea eragozten dutelako. Honek EAJ-k duen herri mailako  ikuspegi nulua erakusten du”.