AKTUALITATEA


| 2022-06-27 16:00:00

Donemiliagako Udalak esleitu ditu Axpuruko Eguneko Arretarako Landa Zentroa egokitzeko lanak. LEADER funtsei dagokien diru-laguntza jaso du, 50.000 euro inguruko lanak finantzatzeko. Helburua basozainaren etxe zaharra Eguneko Arretarako Landa Zentro bihurtzea da, Donemiliaga, Barrundia, Asparrena eta Zalduondoko adinekoei zerbitzua emateko.

Aipatutako udalek zerbitzua ahalik eta azkarren abian jartzeko asmoa dute. Hori dela eta, Donemiliagako Udalak 49.138,63 €-ko aurrekontuarekin lanak esleitu ditu. Konponketa horri esker, igogailua jarriko da, oztopo arkitektonikoak kenduko dira eta barrualdea egokituko da dutxa edo sukaldea bezalako zerbitzuak jarriz. Obrak hiru hilabetez luzatzea aurreikusten da.

“Errekurtso horren beharra ikusita, eta zerbitzu horietan arreta jasotzeko zain 7 pertsona daudenez, aurrera egitea erabaki dugu nahiz eta Arabako Foru Aldundiak ez duen Donemiliagarekin finantzazio-hitzarmenik sinatu nahi, baliabide hori duten beste 16 udalekin egiten duen bezala” azaldu du Erika Letamendiko alkateak.

Letamendik esan du Arabako Foru Aldundia oztopo eta traba jartzen ari den arren, ez dituztela alde batera utziko adineko pertsonak, udalak baitira zerbitzu horietan eskumena dutenak, eta, beraz, irmotasunez aurrera egingo dutela proiektu horrekin.

“Pandemiak ondorio ugari izan ditu adinekoen artean eta horietako asko bakarrik bizi dira. Haiekin harremanetan jartzeko eta, aldi berean, zaintzeko aukera emango diegu, landa-ingurunetik atera gabe, zahartzen jarraitu ahal izan dezaten, beren gaitasunen barruan nahi duten bezala, non eta norekin”, dio Letamendiren hitzetan.