AKTUALITATEA


| 2020-05-13 17:16:00

Donemiliagako Udalak aho batez onartu du Arabako Foru Aldundia toki-erakundeen finantzazioa bermatzeko ezohiko neurriak har ditzan. Horrela dago jasota gaur goizean egindako osoko bilkuran EAJk eta EH Bilduk adostutako testuan. Izan ere, toki-erakundeekin Toki Erakundeak Finantzatzeko Funtsaren (FOFEL) beherakada larria arintzeko konponbideak adosteko beharra defendatu dute, %20tik gorakoa izango dela aurreikusten delako. Erika Letamendi Donemiliagako alkateak azaldu duenez, "tokiko erakundeekin irtenbide ezberdinak planteatzea eta adostea nahi dugu, ondoren, erakunde bakoitzak bere egoeraren arabera formularik egokiena aukeratu ahal izateko, beti ere inposiziorik gabe eta iraganeko akatsik errepikatu gabe".

Horrez gain, testuak planteatzen du Arabako Foru Aldundiak eta Estatuko Gobernuak aukera eman behar diela toki-erakundeei duten soberakina mugarik gabe erabiltzeko, COVID 19ren ondorioei aurre egin ahal izan diezaieten. Horretarako, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko legea aldatu beharko litzateke. Gainera, EH Bilduk eta EAJk eskatu dute Estatuko Gobernuak egonkortasun, zor eta gastu helburuak malgutzea, krisiari aurre egiteko baliabide gehiago izateko. "Ez du inolako logikarik ezohiko egoera honetan diru kantitate horiek sortuko diren beharrei erantzuteko ez erabiltzea, egonkortasunaren izenean, orain arte egin den bezala", azpimarratu du Letamendik.

Gainera, diru-sarrerak izugarri jaitsi direla ikusita, gaur onartutako mozioak zerga politikan aldaketak egitea ere aipatzen du. Ildo horretan, euroguneko presio fiskalera hurbiltzea proposatzen da, finantza-nahikotasuna bermatzeko eta, batez ere, Aberastasun Handien gaineko Zerga ezartzea planteatzen da. Horrela, mozioak Foru Gobernuari eskatzen dio lau hilabetetan erreforma fiskal bidezkoa eta progresiboa aurkezteko, diru-sarrerek espero duten beherakada arintzeko.

 

Azkenik, 2020ko aurrekontuak aztertu eta bizi dugun egoera berrira egokitzeko egin beharreko aldaketak egiteko konpromisoa hartu dute.  EH Bildu Arabak, herrialdeko gainontzeko herrietan, horrelako adostasuna lortzea espero du, toki erakundeak ezin direlako galtzaile atera diru bilketaren beherakadaren ostean.