Donemiliagak gaur aurkeztu du 2025erako aurrekontu proiektua, guztira 1,4 milioi euro izango dituena. Gaur bertan, Ogasuneko batzordean oposizioaren lehen ekarpenak jaso dira. Horien artean, kultur jarduetarako eta kirol ekintzetarako garraiorako diru-laguntzak eta katuen kudeaketarako hitzarmen bat sinatzea. Ondoren, abenduaren 11n, herritarrei kontuak aurkeztuko zaizkie batzar ireki batean eta, egin beharreko ekarpenak jaso ondoren, astebete geroago behin betiko onartuko dira.
Aurrekontu-proiektuan sartutako berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da 10.000 euro gorde direla etxebizitza sozialeko proiektu bat abian jartzeko azterlan bat egiteko. Gainera, beste 9.500 euro gordeko dira Udaletxean ibilgailu elektrikoen kargagailuak jartzeko.
Donemiliagako alkate Erika Letamendik nabarmendu duenez, proiektu horri esker, oinarrizko bi gaitan aurrera egin ahal izango da: etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egitea, jasangarritasun energetikoa lantzeko diru-partidak sartuta.
Ildo beretik, % 20 igo da hondakinak biltzeko eta kudeatzeko partida, bai eta hobi septikoak garbitzeko partida ere, bikoiztu egingo dena. Era berean, aurrekontu proiektuak 30.000 euro erreserbatzen ditu kontzejuetan kaleetako plakak jartzeko, 4.000 euro Donemiliagan Bertso Eskola bat sortzeko edo 10.000 euro adinekoentzako kultur jarduerak antolatzeko eta joan-etorria errazteko.
Gainera, euskara sustatzeko partida handitu da, baita jarduera soziokulturalena ere, 30.000 eurokoa izango baita. Azkenik, 10.000 euroko partida berri bat sortu da Donemiliagako Hamabost Herri Elkartearentzat udalerrian kultur karduerak antolatzeko.