AKTUALITATEA


| 2024-11-24 11:05:00

Horrez gain, aireportuen eskumenen transferentzia negoziatzea eta euskal aireportuak koordinatzea eskatu du, "aireportu bat, hiru terminal" printzipioaren pean

Araba. 2024-11-24 | Arabako Batzar Nagusiek azaroko ezohiko osoko bilkura egin dute gaur, eta bertan mozio bat onartu dute Forondako aireportua hegaldi transozeanikoetan eta merkantzietakoetan erreferente izan dadin eskatzeko. Testua EH Bilduk, EAJk eta PSEk adostu dute.

Gaur onartutako mozioa EH Bilduk aurkeztutako testu batean oinarritzen da. Bertan, Gernikako Estatutuan jasotzen den bezala, aireportuen arloko eskumenak eskualdatzeko negoziazioak hasteko eskatzeaz gain, erakunde eskudunei eskatzen zaie euskal aireportu-azpiegituren jarduerak planifikatu eta koordinatzeko, "aireportu bat, hiru terminal" printzipioaren pean, lankidetza eta sinergiak hobetzeko, bikoiztasunak saihesteko eta instalazio guztien potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Onartutako testuan, Arabako Batzar Nagusiek eskatu dute Foronda beharrezko baliabideez hornitzea beste aireportu batzuetatik desbideratutako hegaldiak hartzeko, bereziki eguraldi txarragatik desbideratutakoetan, salbuespenezko egoeretan azpiegituraren eraginkortasuna areagotzeko eta bidaiariei eragozpenak eta atzerapenak saihesteko.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak adierazi duenez, «EH Bilduk ekimen hau aurkeztu du uste duelako eztabaida honek tokikoa gainditzen duela, eta gure subiranotasunaren esparruan kokatzen dela, herri gisa gure azpiegiturak modu eraginkorrean, planifikatuan eta herritar guztien mesedetan kudeatzeko gaitasunean».

Bozeramaileak arlo honetako eskumenen transferentzia defendatu du: «Nola justifika daiteke Estatuak gure garapenerako funtsezkoak diren azpiegiturak urrutitik kudeatzea, tokiko eragileak eta euskal erakundeak, lurraldea zuzenean ezagututa, bazterrean dauden bitartean?».

«EH Bildun herri ikuspegia eta subiranotasuna defendatzen ditugu, eta Foronda eta beste aireportu batzuk antolatzeko ordua iritsi dela uste dugu. Antolatzeko eta, batez ere, elkarrekin lan egiteko», esan du Eva Lopez de Arroyabek.