AKTUALITATEA


| 2025-05-28 10:30:00

Ganberako taldeek ez dute babestu eskualdea suspertzeko PAI berehala gauzatzea eskatzen zuen EH Bilduren ekimena

Araba. 2025-05-28 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak deitoratu du gaur Arabako Batzar Nagusien osoko bilkurak ezin izan duela akordiorik hartu Aiaraldeko Berehalako Jarduera Plana (PAI) azkartzeko, orain arte egindakoa zehatz-mehatz baloratzeko eta eman beharreko urratsak herritarrekin eta tokiko udalekin adosteko.

Osoko bilkurak EH Bilduren mozio bat eztabaidatu du gaur, Aiaraldea lehenbailehen biziberritzeko PAI ezartzeko eskaerarekin. EH Bilduk akordioa lortu du Elkarrekin Arabarekin, baina gainerako taldeek ez dute adostutako mozioa babestu.

Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak aurkeztu du gaur mozioa, eta nabarmendu du EH Bilduk berak Aiaraldeko egoerari buruz Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat egitea proposatu zuenetik, egoera ez dela asko aldatu: «Orduan esan genuen Laudioko langabezia-tasa % 13,45ekoa zela, eta Amurriokoa % 14,07koa. Bada, gaur egun Laudion 12,32koa da eta Amurrion 14,27koa. Ez dirudi, beraz, egoerak hobera egin duenik». Gainera, denbora tarte honetan Glavista, Valvospain edo Guardian bezalako enpresa handiak itxi dituztela gogorarazi du, «Aiaraldeko ehunka familia langabezian geratuz».

Hala, mozioan, EH Bilduk Aiaraldea Biziberritzeko Plana ezartzea eskatzen zien Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eta PAIren funtsak «egingarriak diren ekimenetara» bideratzea, «ekimen horiek Aiaraldeko udalekin batera zehaztuz». Gainera, balorazio-txosten bat eskatzen zuen, Aiaraldeko Berehalako Jarduketa Plana gauzatzeak eta hura ezartzeak eskualdeko ekonomian eta ongizatean izango dituen ondorioak jasotzeko.

EH Bilduk eskualdeko toki erakundeekin beharrezkoa den lankidetza azpimarratu nahi izan du, «udalak baitira ibarraren egoera sozioekonomikoa ondoen ezagutzen dutenak». «Eskualdetik bertatik esaten ari diren bezala, Aiaraldeko berehalako ekintza-plana amaigabeko ekintza-plan bihurtu da, eta Aiaraldeak ezin du gehiago itxaron».

«Hain zuzen ere, Aiaraldeak berehala jardutea behar du. Horregatik, Arabako Foru Aldundiari soilik eskatzen diogu aurreikusitakoa bete dezala eta Aiaraldeari garaiz eta behar bezala erantzun diezaiotela», amaitu du hitzartzea Eva Lopez de Arroyabek.