Aguraingo Udaleko Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Lautadako haur eta nerabeek osasun mentala eta gaixotasun mentalak artatuko dituen zerbitzu publiko bat eskualdean bertan martxan jartzea. Ekimena “Burua Zaindu Lautada” taldeak aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran eztabaidatzeko eta aho batez onartu egin zen.
Izan ere, gero eta gehiago dira haur eskola, ikastola zein institutuetan edota haurrak edo nerabeak biltzen diren guneetan identifikatzen diren arazo psikologikoak dituzten haur eta nerabeak. Eta datu ofizialek hala adierazten dute. Osakidetzak emandako datuen arabera, Arabako Osasun Mentaleko Sarean 54 dira artatzen diren Lautadako haur eta gazteak. Daturik ez badago ere, beste asko dira Gasteizko kabinete pribatuetara joaten diren familiak.
Eta beste horrenbeste gertatzen ari da hezkuntza zentroetan. Aniturri insitutuan azken ikasturtean 10 jazarpen protokolo ireki ziren eta beste 5 jokabide suizida protokolo. Eta Lautada Ikastolan, momentu honetan, 8 jazarpen protokolo daude eta beste 5 suizidio protokolo irekita.
Egoera larri eta kezkagarri horren aurrean, baliabideak guztiz eznahikoak dira. Izan ere, Mundo Osasun Elkartearen arabera, beharrekoz den psikologoen tasa 100.000 pertsonako Europako batezbesteko tasa 18koa da. Eta EAEko tasa 6,7koa da.
Egoera honek bultzatuta, 2022-2023 ikasturtean, Lope de Larrea Ikastola eta Aniturri Institutuko guraso elkarteek, nolabaiteko laguntza bermatzeko asmoz, kabinete pribatu bat kontratatu zuten. Berehala agerian geratu zen errekurtso hori ez dela nahikoa eta motz gelditzen zela dagoen eskariari aurre egiteko. Horrez gain, gurasoek ekonomikoki zailtasunak dituzte zerbitzu hori mantentzeko bere errekurtsoekin.
Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak azaldu duen bezala, heldu da unea, erakunde publikoetatik zerbitzu hori bermatzeko eta Aguraingo Udaleko elkarlana eskaini die familiei.