AKTUALITATEA


| 2025-03-25 11:04:00

EH Bilduk osoko zuzenketari eutsiko dio errebisio fiskalak ez duelako etorkizuneko erronkei aurre egiteko diru-bilketa nahikoa aurreikusten: «Herritarren ongizatea bermatzeko zerbitzuak kolokan geratuko dira»

Araba. 2025-03-25 | Arabako Batzar Nagusien biharko osoko bilkuran eztabaidatuko da errebisio fiskalari EH Bildu Araba batzarkide taldeak aurkeztutako osoko zuzenketa. Zuzenketa horren bitartez, EH Bilduren helburua da zerga berrikuspeneko foru arau proiektua atzera botatzea, eta «herritarren etorkizuneko ongizatea bermatuko duen proiektu berri bat aurkeztea».

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak zerga-erreformaren garrantziaz hitz egin du: «Asko hitz egin da erreforma fiskalaz edo, hobe esanda, errebisioaz, dedukzioen zerrendaz edo makillaje fiskalaz, baina gutxiegi herritarren ongizateaz, etorkizuneko erronkez edota aberastasunaren birbanaketaz». Izan ere, horixe arautzen du fiskalitateak: erakunde publikoek zergen bitartez jasotzea eta jasotakoa zerbitzu eta inbertsio publikoetara bideratzea.

«EAJk eta PSEk adostu duten errebisio hau ez da, inola ere, etorkizuneko erronkei aurre egingo dien sistema fiskala, ez dituelako beharrezkoak ditugun baliabideak handituko. Nola sortuko ditugu erresidentzia plaza publikoak, biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko? Nola hobetuko ditugu ospitaleak eta osasun zentroak? Zer baliabiderekin egingo diegu aurre berotze globalak eragingo dituen ondorioei? Nola bultzatuko ditugu administrazioetatik industriak edota lehen sektoreak behar dituzten eraldaketak? Nola artatuko ditugu herritarren behar sozialak? Horiek da bihar errebisio hau babestuko duten talde ezberdinek erantzun behar dituzten galderak», ondorioztatu du Eva Lopez de Arroyabek.

Diru-sarrerak handitzeaz gain, EH Bildu arduratuta dago sarrera horien jatorria zein izango den, eta historikoki defendatu duen formularen alde egin du: norberak duen maila sozioekonomikoaren araberako ekarpena egitea altxortegi publikoari. Ildo horretan bozeramaile abertzalea sinetsita dago biharko bozketan EH Bilduko batzarkideak ez direla bakarrak izango tesi hauek defendatuko dituztenak.

«Aurkeztu duten zerga-errebisio honek ez du aurreikusten diru-bilketa justu eta progresibo bat, non gehien dutenek ekarpen handiago egingo duten. Lan eta kapital errentak hurbiltzen joateko neurriak, sozietateen gaineko zerga efektiboa eta PFEZ progresiboagoa izatea behar dugu horretarako», esan du Eva Lopez de Arroyabek, Gipuzkoako Batzar Nagusietan fiskalitateari buruz egindako ponentzian ateratako ondorioak gogora ekarrita. Kontuan hartu behar da tesi horien aldeko botoa eman zutela EAJk eta PSEk, «baina kontrako norabidean doan zerga-errebisio proiektua aurkeztu dute azkenean».