Bizikletaren mugikortasunaren ikuspegitik seinaleak eguneratzea eta zirkulazioa arautzeko udal ordenantza egitea proposatu du taldeak
Amurrio. 2025-03-26 | Amurrioko EH Bildu udal taldeak bizikleten eta oinezkoen elkarbizitza hobetzeko mozioa erregistratu du Amurrioko udaletxean. Mozioan eskatzen da txirrindulariei eragiten dieten seinaleak berrikustea eta zirkulazioa arautzeko udal ordenantza egitea urte eta erdiko epean.
Jon Berganza Amurrioko EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, «bizikleta eguneroko mugikortasunerako garraiobide gisa erabiltzea erronka handienetako bat da hiri eta ingurune atseginagoak, osasungarriagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak lortzeko».
Bizikleta egunerokoan erabiltzeko helburu hori lortzeko, baina, EH Bilduk bi oztopo nagusi identifikatu ditu Amurrion: «Alde batetik, seinaletika bertikala ibilgailu motordunentzat pentsatuta dago gehienetan, bizikleten berezko kasuistika kontuan hartu gabe». Horren adibide da bidegorri gisa seinaleztatutako tarte batzuetan ezin bizikletaz gurutzatzea. Bigarren oztopoa da bidegorrien sareak dituen etenak edo jarraitutasun falta. Kasu horietan, txirrindulariek egin beharreko itzulinguru handiak nabarmendu dituzte: «Legezko alternatibak itzulinguru handiak eskatzen ditu edo ez dago aukera hori, eta aukera bakarra errepidea da, horrek dakarren arriskuarekin».
Bizikletaren erabilera normalizatzeko eta seguruago bihurtzeko, eta oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza sustatzeko helburuarekin aurkeztu du ekimena EH Bilduk, eta datorren martxoaren 27ko osoko bilkuran eztabaidatuko da, EAJk eta PSEk mozioa eztabaidatzearen aurka bozkatu bazuten ere, osoko bilkuraren aurreko pausoa den batzordean.