AKTUALITATEA


| 2025-03-27 10:11:00

Ponentziaren helburua da kolektibo honek eta bere familiek alderdi garrantzitsuetan jasaten dituzten zailtasunak eta oztopoak identifikatu eta zehaztu ahal izatea, hobekuntzak proposatzeko

Araba. 2025-03-27 | EH Bildu Araba batzarkide taldearen ekimenez, desgaitasuna duten pertsonen egoeraz eta jasotzen dituzten prestazioez jarduteko ponentzia bat sortzea adostu du gaur Arabako Batzar Nagusietako Gizarte Politiketako batzordeak. Joan den urtarrilean proposatu zuen EH Bilduk ponentzia sortzea, eta gaur erabaki dute abiatzea, Elkarrekin Araba eta PP taldeen aldeko botoekin. Aurka bozkatu dute EAJ eta PSE gobernuko taldeek.

Claudia Venceslao EH Bildu batzarkide taldearen bozeramailea pozik agertu da ponentziaren sorrerarekin. Adierazi duenez, «ponentzia honek dibertsitate funtzionala duten pertsonen errealitatearen analisia eta diagnostikoa egiteko balioko du, beren bizi-ibilbidea garatzeko eremu guztietan, kolektibo honek eta bere familiek alderdi garrantzitsuetan jasaten dituzten zailtasunak eta oztopoak identifikatu eta zehaztu ahal izateko». Diagnostiko hori eginda, ponentziaren helburua izango da foru erakundeak arretaren erantzuna planteatu eta planifikatzea.

Metodologiari dagokionez, parte-hartze zabalaren aldeko apustua egingo du EH Bilduk: «Desgaitasunak dituzten pertsonen eta haien familien, profesionalen, Hirugarren Sektoreko erakundeen eta Gizarte Zerbitzuen arloko adituen parte-hartzea izatea planteatzen dugu, eremu hori zuzenean ezagutzen baitute».

Claudia Venceslao bera izango da ponentziaren koordinatzailea, eta aurreikusten duenez, urtebeteko epean diagnostikoa eta irtenbideak planteatu beharko lituzke. «Uste dugu ponentzia bat dela tresnarik erabilgarriena; izan ere, diagnostiko bat egiteko aukera ematen digu, eta Arabako dibertsitate funtzionalaren arretak gaur egun dituen beharrizan eta gabezietarako irtenbideak epe labur, ertain eta luzera planifikatzeko atea irekitzen digu», amaitu du Claudia Venceslaok.

Hezkuntza Habia

Ez da hori izan, baina, onartu den EH Bilduren ekimen bakarra: Batzar Nagusiek Diputazioari eskatu diote Hezkuntza Habia programa berreskuratzea. Baliabide horren helburu nagusia da eguneko zentro batean sartzeko itxaron-zerrendan dauden eta maila fisiko, kognitibo eta emozionalean arreta- eta zaintza-alternatibarik ez duten pertsonei arreta ematea. Proiektu hau 2021eko urtarrilaren 11n sortu zen pandemiaren ondorengo aldian sortutako behar zehatz bati erantzuteko, eta 2023ko ekainean itxi zen, artatutako pertsonak Zabalganako Eguneko Zentro berrira bideratu baitziren.

«Akordio honi esker Hezkuntza Habia berriro irekitzea lortu dugu, Foru Erakundearen eta Autismo Arabaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez, eta pertsona horien eta haien familien beharrei erantzutea», esan du Venceslaok.