AKTUALITATEA


| 2023-11-28 11:42:00

Araba. 2023-11-28 | Bastidako EH Bilduk aurkeztutako bi mozio onartu zoituen atzo udal osoko bilkurak: alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari eskatu diote Arabako Errioxako ESIan pediatria-zerbitzu egokia berma dezala; bestetik, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote ArabaBus zerbitzuan hobekuntzak egin ditzala, zerbitzua bermatzeko eta lurralde-orekan sakontzeko.

Joan den udan, pediatra faltak desoreka nabarmenak eragin zituen Arabako Errioxako udalerrietan. Kasu askotan, pediatriako espezialisten oporrak ez ziren bete; eta, kasurik onenean, lankideek bete zuten arreta, asistentzia presentziala nabarmen murriztuz. Horrela, txikiak gertuko beste herri batzuetara bideratu ziren. Horregatik, EH Bilduren legebiltzarkide taldeak EAEko pediatriaren egoerari buruzko informazio dokumentatua eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Jasotako informazioan jasotzen denaren arabera, ARABAKO ERRIOXA ESIan bi espezialista egon beharko lirateke eskualdeko lehen mailako arreta pediatrikoa betetzeko

Gaur egun, egoera ez da konpondu eta kezkagarria izaten jarraitzen du, eta horregatik eskatu zuen EH Bilduk arazoa konpontzea. 

ArabaBus zerbitzua

Bestalde, Bastidako Udalak Diputazioari eskatuko dio ArabaBus garraio publikoko zerbitzuan hobekuntzak egin ditzala, azken hilabeteotan emandako arazoak konpontzeko. Erabiltzaileek hala adierazita, autobusek ia egunero izaten dituzte 15 minutuko atzerapena, eta linea beteta joaten dira maiz, beraz, sarritan gertatzen da erabiltzaileak geltokietan utzi behar izatea plaza faltagatik; hori saihesteko, maiztasunak handitzea edota ordu zehatzetan zerbitzua indartu beharko litzateke.

Hala, mozioan Foru Aldundiari eskatzen zaio Arabako Errioxari zerbitzua ematen dioten 9 eta 12 lineak indartzea, maiztasunean eta plaza kopuruan. Horrekin batera, zerbitzuaren fidagarritasuna eta puntualtasuna bermatzeko neurriak har ditzala ere eskatuko diote Aldundiari.

Azkenik, Bastidako Udalak Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriko eta Bide Azpiegituretako Sailari eskatuko dio erreserba eta txartelen erosketa ereduen funtzionamendua berrikusteko eta egokitzeko, erreserba eta/edo erosketa hori %100 eraginkorra izan dadin, eta ArabaBus-eko linea guztietan erabiltzaile guztiei sarbidea bermatzeko.