Martxoaren 31ko goizaldean izan zen, orain 86 urte. Egun hartan, gure lurraldeak bere historiako pasarte beltzenetako bat bizi izan zuen. Martxoaren 31n, asteazkena, 16 pertsona atera zituzten La Pazeko kartzela zaharreko ziegetatik. Plaza horretan ez da horren arrastorik gelditzen. Plaka bakar batek gogoratzen digu etxadi honetan zegoela Arabako espetxe probintziala.
Irteeran bi kamioi zituzten zain. Eskuak lotuta eraman zituzten Azazetako porturaino. 16. kilometroan hil egin zituzten. Sarraski hau erreketek, falangistek eta guardia zibilek osatutako eskuadroi batek egin zuen. Gutxi balitz erretaguardian egin zuten.
Fusilatutako pertsonen artean hautetsiak zeuden, baita errepublikarrak, sozialistak, komunistak, abertzaleak edo anarkistak ere. Beste batzuk, berriz, Estatu frankistaren izuak suntsitu nahi zituen ideologia horiekin bat egiteagatik espetxeratu zituzten. Helburua horixe zen: erregimen berriari aurka egiteko edozein zantzu deuseztatzea.
Ez zen kasualitatea izan izua Gasteizen eta Araban zabaltzea 1937ko martxoaren 31ko gau hartan. Mola jeneralak berak egun batzuk lehenago bisitatu zuen Arabako hiriburua, eta agintari militarrei errepresio frankistaren erritmoa areagotzeko eskatu zien. Egun horretan bertan, Italiako armadako hegazkinek Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten.
Ez zen zibilen aurkako lehen bonbardaketa izan. Hilabete batzuk lehenago, Otxandioko Andikona plaza bonbardatu zuten, jaiak ospatzen ari zirela, eta 61 pertsona erail zituzten. Zibilen aurkako lehen bonbardaketa izan zen hura. Gero Gernika iritsiko zen.
Azazetan hildako 16 lagunen familiei aske geratu zirela esan zieten. Larritasuna zabaldu zen euren artean. Baina ez zen egia: hil egin zituzten eta hainbat hobi komunetan lurperatu zituzten. Bi urte geroago, 16 hildakoetatik hiruren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Sarraskiaren beste 13 biktimak 41 urte gehiago egon ziren mendian, 1978ko udan lurpetik atera eta El Salvadorko hilerrira eraman zituzten arte.
Izan ere, gerraren ondoren 40 urteko diktadura etorriko zen. 40 urte horietan isiltasuna eta izua nagusitu ziren herritarren artean. 40 urte eskubide sozial eta politikoak murriztuta. 40 urteko errepresioa, kartzela eta erbestea.
Diktaduraren ondoren, zigorgabetasun-mantu bat ere nagusitu zen, gaur egun ere irauten duena. Izan ere, 86 urte geroago, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugu frankismoaren biktima guztientzat. Gaur egun ere, 86 urte geroago, gorpuak bilatzen ditugu bide bazterretan.
Horregatik, Arabako erakundeei memoria berreskuratzeko inplikazio aktiboa eskatzen diegu. Horregatik, epaitegietan frankismoaren aurkako kereila bat jartzea eskatzen dugu, gizateriaren aurkako krimenengatik. Horregatik, zigorgabetasuna amaitzeko eta gerrako eta diktadurako krimenak epaitzeko mekanismoak gaitzea eskatzen dugu. Horregatik, artxiboak publiko egitea eta estamentu judizial eta politikoak irekitako bide judizialekin elkarlanean aritzea eskatzen dugu, Argentinako kereilaren kasuan bezala.
Gaur egun, autoritarismoaren gorakadaren mamua munduaren zabalera eta luzetara hedatzen ari da; gaur egun eskuin muturrak bere postulatuak gordintasun osoz azaltzen ditu Espainiako Estatuan ere bai. Baina asko dira orain dela bederatzi hamarkada gizarte justuago eta solidarioago batekin amets egiten zuten pertsonengandik atera ditzakegun irakaspenak.
Pertsona horiek gai izan ziren batzen zituenari balioa emateko eta haien arteko ezberdintasunak gainditzeko, beharrezko aliantzak ehuntzeko eta aurrerabideko Udal Gobernu bat eratzeko. Tokiko erakundeak gizarte hobe baten eraikuntzaren zerbitzura jartzeko gai izan ziren.
Faxismoak kartzelaz, torturaz, errepresioz, heriotzaz eta erbesteaz zapaldu zuen ausardia hura. Loreak moztu zituzten, bai, lore asko alegia, baina udaberriak ez zuen huts egin eta urtez urte loratu zen. Eta gaur, 86 urte geroago, haren balioek bizirik diraute gure artean.
Orain kezkaz ikusten dugu nola desegiten den osasun publikoa, nola pribatizatzen diren gizarte-zerbitzuak, nola bankuek, elektrikoek edo elikagai-banatzaile handiek poltsikoak betetzen dituzten gure bizilagunak hilaren amaierara iristen ez diren bitartean, argindarraren fakturei aurre egin ezin dieten bitartean edo erosketa-saskia betetzeko gai ez diren bitartean.
Bizitza justuago batekin amets egiten zutenentzako askatasuna da egunero altxatzea, bizitza duin batez izateko segurtasunarekin. Pentsio eta soldata duinak, kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa; pertsonak eta langileak babestuko dituen eta politika publikoen erdigunean jarriko dituen gizarte-sistema, lurraldearen defentsa, beharrezko trantsizio energetikoa edo gizarte anitza eta feminista lortzea. Horiek dira oraindik gure balioak, eta haien defentsan, gaur egun, orduan bezala, aliantzak ehuntzen eta indarrak batzen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu.