AKTUALITATEA


| 2024-06-10 11:25:00

Foru Gobernuarekin bilera egin ondoren, Eva Lopez de Arroyabek erantzun positiboa espero du akordio zabal bat lortzeko «lurraldearen etorkizunari modu adostuan aurre egiteko eta gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko»

Araba. 2024-06-10 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak gaur aurkeztu dio Ahaldun Nagusiari aurrekonturako neurri gehigarrien Foru Araua negoziatzeko proposamena, EH Bilduk eta Foru Gobernuak gaur izandako bileran.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari helarazitako proposamenak azaldu ditu, hiru ardatz nagusitan ardaztuta: zaintza, trantsizio ekosoziala eta lurraldearen kohesioa.

Zaintza publikoen arloan, egoitza-plaza publikoak sortzea, langileen lan-baldintzak hobetzeko neurriak hartzea eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea proposatu dute.

Erronka ekosozialari dagokionez, EH Bilduk lehen sektorearen bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bermatzeko neurriak proposatu ditu, beste eredu agroalimentario batera igarotzea posible dela eta sektorearen etorkizunerako oinarriak ezartzeko balioko duen proiektu pilotu batekin. Gainera, energia ekoizteko proiektuen hedapen kaotikoaren aurrean, energia modu deszentralizatuan ekoizteko jarduerak sustatzea proposatzen dute, ingurune antropizatuenak lehenetsiz, hau da, gizakiak gehien eraldatutakoak. Hondakinen kudeaketari dagokionez, jauzi kualitatibo bat ematea proposatu dute, Europak ezartzen dituen birziklatze-helburuak betetzeko.

Lurraldea kohesionatzeko neurrien artean, EH Bilduk proposatu du Aldundia eragile proaktiboa izatea landa-eremuan etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko.

Lopez de Arroyabek ez du zifrarik edo partidarik aurreratu nahi izan hedabideen aurrean, bere ustez «orain erantzukizuneko garaia delako, modu diskretuan lan egitekoa, ahalik eta akordiorik onena lortu ahal izateko». Bozeramaileak Gobernuaren erantzun positiboa espero du, akordio zabala lortzeko, «lurraldearen etorkizunari modu adostuan aurre egiteko eta gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko». «Arabak merezi du ahalegin hori egitea, gobernuak ahalegin hori egitea: proposamen bideragarria eta errealista egin dugu, aldagarria, noski, eta marra gorririk gabea, eta orain borondatea baino ez da behar akordio zabalak lortzeko».

Bileraren osteko agerraldian, Lopez de Arroyabek azaldu du aurkeztutako dokumentuak bi aukera jasotzen dituela: alde batetik, Foru Gobernuari denboran luzatutako akordio bat proposatzen zaio, eta, bestetik, 2024ko kontuetan soilik oinarritutako akordio bat planteatzen da, premiazkoenari aurre egiteko.

Lopez de Arroyabek nabarmendu du EH Bilduk epe ertain edo luzerako akordioaren aldeko apustua egiten duela, uste baitu Araban gehiengoa duten hiru indarren arteko itun batek segurtasun handiagoa emango liokeela lurraldeari. «Gizarteak ziurtasunak behar ditu, eta epe luzerako akordio batek gobernantza kolaboratiborako atea irekiko luke». Ildo horretan, EH Bilduk espero du etorkizuneko oinarriak ezartzea datirren urteko aurrekontuen negoziazioari begira. Puntu honetan, Lopez de Arroyabek Gasteizko aurrekontu akordioa gogorarazi du, «EH Bildu ezberdinen arteko akordioak lortzeko gai dela, funtzionatzen dutela eta jendearen bizitza hobetzen dutela erakusten duena».

Gainera, EH Bilduk ez dio aterik ixten talde gehiago bilduko lituzkeen akordio handi bati, EAJtik, PSEtik eta EH Bildutik harago, eskuindarrek lurraldeko pertsonen bizi-baldintzetan izan dezaketen eragina mugatzeko. «Eskubide sozialen bermea jokoan dago, eta ez da momentua babes sozialaren esparruan lortutakoa arriskuan jartzen duten esperimentu neoliberaletan sakontzeko unea».

Eva Lopez de Arroyabek positibotzat jo du bilera, eta «jarrerak hurbiltzeko» balio izan duela uste du. Beste behin ere, EH Bilduk akordioak lortzeko borondatea agertu du, eta horregatik erabaki dute aurrera pauso bat ematea eta euren proposamena aurkeztea: «Ez da egiten dugun lehen  bilera, baina orain arte ez da dokumenturik egon mahai gainean gobernuaren proposamenaz harago, eta erantzukizunez, EH Bilduk oinarri bat ematea erabaki du, marra gorririk gabea eta akordio bat lortzeko lanean jarraitzeko prestasun osoarekin», esan du Lopez de Arroyabek.