AKTUALITATEA


| 2020-05-04 10:42:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Batzar Nagusietan Arabako Gizarte Zerbitzuen deseskalada planifikatzeko neurriak proposatuz. Zortzi puntu desberdin dituen mozio horretan, EH Bilduk plantilak indartzeko eskatu du, baliabide eta prestazio sozialak eskuratzearren eskariei azkar eta berehala erantzute aldera: "Osasuna, eta egun hauetan osasuna baino zerbait gehiago, lanean utzi duten langile guztiei laguntzeko ardura dugu", adierazi du Claudia Venceslao prokuradoreak.

Beste puntu batean, EH Bilduk egoitza-zentroen eta etxebizitza komunitario pribatuen kontrol zuzena eskatu du: "Kontrol hori hasieratik hartu behar zen; oraindik ez dakigu COVID-19k zentro pribatuetan izan duen benetako irismena, baina ezagutzen ditugun datu apurrek berez hitz egiten dute".

2020ko aurrekontuetan planteatzen diren aldaketei dagokienez, EH Bilduk gizarte politiketan inbertsioa handitzea eskatu du, baita hirugarren sektoreko elkarteekin lankidetza hitzarmen guztiak mantentzea ere. Egun batzuk lehenago iragarri bezala, "politika sozialetan murrizketa bakar bat ere ez dugu onartuko”.

"Neurri hauekin, inor atzean utziko ez duen estaldura soziala erraztu nahi dugu [...]. Alderdi politikook ikuspegi zabala izan behar dugu, ezin diogu inori hutsik egin, ezta inor atzean utzi ere. Ausartak izan behar gara eta bizitza duina defendatu gure lurraldean bizi den edonorentzat", adierazi du batzarkideak.

Sektore ahulenetan arreta jarritako deseskalada

Venceslaok prentsaurrekoan adierazi duenez, deskonfinamendu egoera baterako prestatzea "ezinbestekoa" da gizarte osoa babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak lasaitasunez hartu ahal izateko. Hala ere, arreta sektorerik ahulenetan jarri behar dela zehaztu du.

"Kontuan izan behar dugu, gizarte zerbitzuetan antzemandako eskaerez eta beharrez gain, alarma sozio-sanitario horrek erronka eta behar berriak ekarriko dituela, eta horiei ere erantzun beharko diegula Araban".

Hortaz, EH Bildu-k alarma-egoeratik irteteko plangintza egokiaren alde egin du, Gizarte Zerbitzuen Foru Sailaren lau arloetan artatzen diren kolektiboetan babesgabetasun-egoerak eta zaurgarritasun-egoerak ez sortzeko.

"Aste hauetan bizi izan dugunaren ondoren, guk ez dugu lehengora itzuli nahi, ez dugu ezer berreraiki nahi: politika sozialak eraldatu nahi eta behar ditugu", adierazi du prokuradoreak.