AKTUALITATEA


| 2023-11-28 10:06:00

EH Bilduk proposamen zehatzak egin zituen foru gobernuarekin negoziatzeko, eta agerraldia egin du gaur, proposamenen kopuru zehatzen berri emateko, «negoziatzeko borondatea agerian utziz»

Proposamenen artean daude lurraldeko eskualde guztietan egoitza publikoak irekitzea, PFEZren kenkaria 200 eurotik 400 eurora igotzea eta aldiriko tren bat bultzatzea Altsasu eta Miranda arteko trenbidean

Araba. 2023-11-28 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Foru Gobernuaren eta EH Bilduren arteko balizko aurrekontu-akordioaren kopuru zehatzak aurkezteko agerraldia egin du gaur: 16 milioi euro mugituko lituzke EH Bilduren proposamenak.

Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak aurkeztu ditu kopuruak. Agerraldian esan du kontziente direla proposamenaren balioaz: «Badakigu planteamendu anbiziotsua dela, baina badakigu ere maiatzeko foru-hauteskundeek ziklo aldaketaren hasiera ekarri zutela, eta EAJk eta PSEK gehiengo absolutua galdu zutela».

Lopez de Arroyabek norabide aldaketa eskatu du Arabarako, «erronka handiak ditugulako begi-bistan». «Etorkizuneko Arabaz ari gara, gure ondorengoei utziko diegun lurraldeaz, eta horrek anbizioa eskatzen du». Hitz horiekin negoziaziorako dei egin die berriz EAJri eta PSEri, «garaiz gaudelako, eta herritarrek ez luketelako ulertuko egin ditugun proposamenak baztertzea».

Gizarte-ongizatea

Gaurko agerraldian, Claudia Venceslao EH Bilduren batzarkideak ere parte hartu du, gizarte-ongizatearen aurrekontu-proposamenaren balorazioa egiteko. Izan ere, sail horrek hartzen du Diputazioaren aurrekontuaren erdia, eta EH Bilduk garrantzi berezia eman nahi izan dio. «Aurrekontu hauek eredu bat eta egiteko modu bat markatzen dute, eta ez gatoz bat horrekin; izan ere, argi dago gizarte-premiak areagotu egin direla», esan du Venceslaok.

Gizarte-ongizateko proposamenetan, Añanan, Gorbeialdean eta Mendialdean erresidentzia publikoak sortzeak ekariko luke inbertsiorik handiena: 1,5 milioi euro 2024ko aurrekontuan. Logikoa denez, inbertsio horrek jarraipena izan beharko luke hurrengo ekitaldietan ere. Halaber, Arabako Egoitza Pribatuen Hitzarmen Kolektiborako milioi bateko partida bat sortzea defendatzen dute, lan-baldintzak Ariznabarra egoitzakoekin parekatzeko. Era berean, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoen finantzaketa handitzea proposatu dute, 2024rako proposatu den partida 545.000 euroan handituta. Prestazio horiek etxeko laguntza pertsonalerako profesionalak kontratatzera bideratuta daude, eta proposamenaren helburu da jatorrizko zentzua berreskuratzea eta tresna eraginkor bihurtzea.

EH Bilduk proposatu du PFEZren aparteko kenkaria 200 eurotik 400 eurora igotzea 30.000 euro arteko errenta-tartean, Arabako gizartearen geruza handiek bizi duten egoera zaila arintzeko. Kenkari hori 35.000 eurora arteko errentetan aplikatuko liutzateke, eta zero eurokoa izango litzateke kopuru horretatik aurrerako errentetan. Horrez gain, diru-sarrera eta ondare gutxiko pertsona fisikoentzako 200 euroko laguntza 400 eurora igotzea. Horrek zortzi miloi euro kenduko lituzke Foru Aldundiaren aurrekontutik, baina bestelako neurri fiskalekin konpentsatuko litzateke galera hori.

Erronka ekosozialari aurre egiteko, EH Bilduk kostu ekonomikorik gabeko bi proposamen egin zituen: bi konpromiso politiko, Elgea eta Badaiako egungo parke eolikoak birpotenziatzeko eta egungo Miranda-Altsasu trenbidean aldiriko tren soziala ezartzeko. Energiaren sorkuntza banatua bultzatzeko 700.000 euroko partida bat sortzea proposatu du, besteak beste, komunitate energetikoetara edo eraikin publikoen autosufizientziara bideratua. Halaber, joan den azaroaren biko dokumentuan jasotako Lehen Sektorea Osorik Berritzeko Proiektu Pilotuak 300.000 euroko hasierako inbertsio bat beharko luke Proiektu horretan, besteak beste, honako gai hauei buruzko ekimenak sartuko lirateke: ekoizpena dibertsifikatzea, trantsizio agroekologikoak, transformazio-zentroak, merkaturatze-zirkuituak eta nekazaritza-hondakinen tratamendua. Inbertsio horrek jarraipena izan beharko luke, ebaluazio egoki baterako behar beste luza dadin.

Azkenik, lurralde-oreka sustatzeko, EH Bilduk proposatu du kontzejuen, udalen eta kuadrillen finantzazioa % 0,5 handitzea (FOFEL), eta lau milioitan ezarri du horretarako inbertsioa. Azkenik, 300.000 euroko partida bat ezartzea proposatu du, nahi duten kontzejuek etorkizuneko plan estrategikoak egin ahal izan ditzaten beren eskumeneko eta lurraldeko eremu guztietan. Inbertsio horrek ere jarraipena izan beharko luke geroko urteetan.