AKTUALITATEA


| 2021-07-21 13:17:00

Asparrenako Udala Eguneko Arretarako Landa Zentroaren zerbitzuak handitzen eta hobetzen ari da. Hala, udazkenetik aurrera, zentro honek otordu zerbitzua eskainiko du asteburu eta jaiegunetan, baita atseden zerbitzua ere. Asparrenako EALZ izanen da zerbitzu horiek ematen dituen landa eremuko zentro bakarra. Orain arte, 10 erabiltzaileentzako lekua zuen eta  10:00etatik 17:00etara zabalik egoten da baina asteburuetan ixten zituen ateak. Uda ondoren, otordu zerbitzu hori eskaintzeko irekiko ditu. Printzipioz, zerbitzuren erabiltzaileek izango dute lehentasuna, beti ere txosten teknikoek hala gomendatzen badute.  Baina asteburuetan eta jaiegunetan ere sartzeko aukera izango dute, erabiltzaile ez izan arren, gizarte zerbitzuek eginiko  aldeko txostena duten pertsonek.

 

Zerbitzu honek 5 euroko kostua izango du egunean. Bestalde, astelehenetik ostiralera bitarteko janari-zerbitzuak 81,60 euroko kostua du hilean. Baina errentaren arabera, 1.500 eurotik beherako dirusarrerak dituzten erabiltzaileek hobariak izateko eskubidea dute, zerbitzuaren kostuaren %97raino irits daitezkeenak. Atseden zerbitzuaren kasuan, bertara joateko aukera izango dute beti ere plaza libre badaude. Kasu horretan, kostua 5,81 eurokoa da egunean, eta hobari-sistema bat ere badago.

 

Hobekuntza horiek abian jarri ahal izateko, Asparrengo Udalak zerbitzua arautzen duen udal araudia eta ordenantza fiskala aldatu ditu. Era berean, Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren luzapenarekin batera, zerbitzu berri hauek sartu ditu. Hori bai, kasu honetan, Arabako Foru Aldundia ez dago prest zerbitzuaren kostuaren %80 bere gain hartzeko, Gasteizko eguneko arreta-zentroekin egiten duen bezala. Beraz, Asparrengo udalak ordainduko ditu bi zerbitzu berri horiek bere osotasunean. Asparrenak 70.000 euro inguru erabiltzen ditu urtean Eguneko Arretarako Landa Zentroaren funtzionamendurako.

 

Txelo Asparrena alkateak azaldu duenez, Udalak badaki bi zerbitzu horietarako beharra dagoela. “Udal-araudia eguneratu dugunez, eskaerak modu ofizialean egin ahal izango dira, eta bitartean zerbitzua kudeatzen dutenekin negoziatuko dugu nola egin daitekeen. Gustatuko litzaiguke Arabako Foru Aldundiak zerbitzuaren kostuaren %80a bermatzea, baina ezetz esan duenez, kostu osoa gure gain hartzea erabaki dugu, ziur baikaude zerbitzu hori gure herritarrei eman behar diegula bizitza kalitatea hobetzeko”, azaldu du.