AKTUALITATEA


| 2022-01-20 10:16:00

Udan, ibaiak garbitzeko bigarren fasea egin du Asparrenak. Oraingo honetan, Zirauntza eta Eginorren txanda izan da Araian. Zirauntzaren kasuan, sortzen den lekutik Iduia auzoaren amaierara arte, eta Eginor, igerilekuetatik Zirauntzarekin bat egin arte, guztira 4 km lineal baino gehixeago. 185 ordu eman dira garbiketa lanetan, eta 11 jardunalditan banatu dira, bizpahiru langilek osatutako talde batek egindakoak. Garbitutako 4,2 km-etan 502,70 kg zabor bildu dira, guztira 7,34 m3-ko bolumena.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 8.000 euro baino gehixeagoko diru-laguntzarekin finantzatu dira lanak hiru helbururekin: ibilgua eta ibaiertzak ondo garbitzea, hondakin bakoitzaren karakterizazio kuantitatiboa egitea eta herritarrak eta ikasleak sentsibilizatzea. Horretarako, erakusketa bat antolatu zen herriko plazan ostegun batean azoka zegoela aprobetxatuz eta Lehen Hezkuntzako ikasleak joan ziren.

Urte askoan, Ama Lur talde ekologistak egin du lan hori, urtero ibaiaren herri garbiketa antolatzen baitzuen. Orain, bi hilabetez, tarteka jardun da, bai barnealdean, bai ibaiertzetan. 40 eta 100 litroko zabor-poltsak erabili dira tamaina ertaineko hondakin txikiak multzokatu eta sailkatzeko; tamaina handiagoko hondakinak edo ezaugarri bereziak dituztenak, berriz, Asparrengo landa-garbigunera eraman dira zuzenean. Hondakinen sailkapenari eta bildutako pisuari dagokienez, esan daiteke erretiratutako pisu guztiaren %30 metal frakzioari dagokiola. Pisu handiko pieza handiak eta txikiak nabarmentzen dira, eta horien jatorria, ziurrenik, Zirauntzako bazterretan dagoen metalurgia-fabrika zaharra da. Aurkitutako obra-hondakinak eta plastiko handiak ere aipagarriak dira, segur aski nekazaritzatik eta eraikuntzatik datozenak, guztizko pisuaren ia %30 izanda. Azkenik, hondar-frakzio gisa bildutako hondakin-kantitatea aipatu behar da, bildutako hondakin asko, ibaiko urarekin etengabe kontaktuan daudenez, oso hondatuta baitaude. Frakzio horren barruan pisu guztiaren ia %12a izan da.

Nabarmentzekoa da hondakin solidoen presentzia konstantea izan dela garbitutako azalera osoan zehar, nahiz eta tarteetan kontzentrazio desberdina izan duten. Horrek erakusten du ibai-ibilguetako hondakin solidoen arazoa ez dela iraganeko kontua, zeren eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, giza jatorriko hondakinak ibaietara iristen jarraitzen baitute, eta antzinatik oso kaltetuta dauden ekosistemen degradazioarekin jarraitzen dute. Ibaiek eta ibaiertzek, beren egituran era guztietako hondakinak integratzeko duten gaitasunari esker, lurzoru oso aldatu eta kutsatuak sortzen ari dira, eta horien gainean, ozta-ozta, landaretza pobre eta gaixoa dago”, azaldu du Inma Albizu Asparrenako jarduneko alkateak.

Udalaren web orrian dago dokumentazio guztia eta bertan informazio zehatzagoa aurki daiteke. Informazio horrek etorkizunean neurriak hartzen lagunduko dio Udalari, esate baterako, zein jarduketa mota egin daitekeen utzitako fabrikatik gertu erabiltzen ez den zabortegi zaharretik igarotzen diren zatietan. Itxita egon arren ibaiak bere ibilguan egiten duen higadurarekin, hondakinak ateratzen dira eta ibaira isurtzen dira.