AKTUALITATEA


| 2021-03-26 11:12:00

Asparrenako, Donemiliagako eta Barrundiako Udalek berriro eskatuko dute Batzar Nagusietan Axpurun Eguneko Arretarako Landa Zentro bat (GLB) abian jartzeko. Horretarako, Lautadako udalek egindako azken kudeaketen berri emateko agerraldi eskaera erregistratu dute. Ez da izango udalerri horietako ordezkariak Batzar Nagusietara joaten diren lehen aldia. Izan ere, 2020ko irailean egin zuten, eta, ordutik, Arabako Foru Aldundiak ez du urrats bakar bat egin.

 

2019ko otsailean, eremuko arduradunek eguneko arretarako landa zentro hau kokatu nahi den eraikina bisitatu zuten. Basozainaren etxe ohia da, oso-osorik birgaitu dena. Bilera horren ondorioz, bainu batean hobekuntza txikiak egin behar zirela, igogailu bat jarri eta altzariak erosi behar zirela adostu zen. Horren guztiaren aurrekontua 50.000 euro ingurukoa da. Baina orduz geroztik Donemiliagako Udalak egindako eskaera eta errekerimendu guztiak ukatu egin dira, GOFEk eta Udalak eguneko zentro hori kudeatzeko hitzarmenik sinatu ez dutela argudiatuz.

 

Azkena aste honetan bertan argitaratu da Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean. Bertan, Foru Gobernuak berriz ukatu dio Donemiliagako Udalari zentro hori egokitzeko eskatutako dirulaguntza. Foru Gobernuak atea ireki du epaitegietara joateko aukera eta  Donemiliagako Udala aztertzen ari da aukera hori.

 

Bitartean, Barrundia, Donemiliaga, Zalduondo eta Asparrenako Gordoa eta Arriola herrietako bizilagunek zentroa abian jartzeko zain jarraitzen dute. Gaur egun, herri horietan 75 urtetik gorako 195 pertsona daude eta Dulantzi, Agurain eta Asparrengo zentroetara bideratzen dira. Baina pertsona askorentzat urruti daude zentro horiek. 2015ean Barrundiako Udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuek horrelako zentro bat sortzeko beharra ondorioztatu zuten. Urtebete geroago, Barrundiako osoko bilkurak aho batez erabaki zuen abian jartzea, eta, ondoren, Donemiliagak ikusi zuen zerbitzu horren eskura eraikin bat jartzeko aukera Axpurun.

 

Bi helburu garrantzitsu betetzen dituzten udal eskumeneko zentroak dira. Alde batetik, adinekoen edo baliabide intentsiboagoetara jo behar duten pertsonak egoitzetara joatea atzeratzea eta prebenitzea. Bestalde, pertsona bere etxean eta inguruan ahalik eta denborarik luzeenean mantentzea, despopulazioari aurre egiteko eta lurraldearen oreka mantentzeko, horretarako beharrezkoak diren zerbitzu egokiak bermatuz.