Foru Gobernuak aurreikusitako egutegi legegilearen balantzea egin du gaur EH Bilduk, eta ondorio kezkagarria atera du. EAJren eta PSEren Gobernuak hiru foru arau baino ez ditu onartu legegintzaldi honetan. Lehen bi urteak zuriz igaro zituzten, hirugarrenak FOFELa handitzen zuen Foru Araua baino ez zuen onartu EH Bildurekin egindako aurrekontuen akordioaren ondorioz, eta 2026an tasa turistikoa arautzen duen foru araua baino ez da onartu, Euskal Autonomia Erkidegoan lortu den akordioa.
"Behin baino gehiagotan esan dugu gobernua paralisian bizi dela, inertzien ondorioz eta akzio-erreakzio moduan funtzionatzen duela eta, batez ere, Foru Gobernu honek ez duenez proiektu estrategiko bat konpartitzen ez diela erantzuten herrialdeko erronkei. Gaurkoan hitzei zenbakiak jarriko dizkiogu eta nabaria den errealitate hori zenbakiekin isladatuko dugu. Agorpen zantzuak nabariak eta ukaezinak baitira", zehaztu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak.
Azterketa hori egiteko, EH Bilduk lurralderako arau esklusiboei erreparatu die, oinarri politikoa duten horiei. Alde batera utzi dira beste gai tekniko batzuk, hala nola Foru Arau gisa onartu behar diren hitzarmenak, Dekretuak edo arau teknikoak, hala nola hauteskundeak deitzea edo Kontu Orokorrak onartzea.
Ondorioa argia da. Foru Gobernuak legegintzaldi honetan izapidetu asmo zituen 23 foru-arauetatik, gaur egun, bi baino ez dira onartu, % 9 baino ez. "Gobernuak, beraz ez du gainditu. Bereziki larria iruditzen zaigu Arabak berdintasunerako foru-araurik ez duen lurralde bakarra izaten jarraitzea. Guzti honekin argi geratzen da Foru Gobernuak ez dituela bere konpromisoak betetzen eta ez duela akordioetara iristeko gaitasun nahikorik ", nabarmendu du Lopez de Arroyabek.
Paralisi horren ondorioz, jorratu ez diren adibide asko daude. Horien artean, nabarmentzekoak dira Mendiei buruzko Foru Araua, Koadrilen Foru Araua, Arkeologia-jarduerak Arautzeko Foru Araua edo sektore publikoa arautzen duen Foru Araua. "Azken batean, zenbakiek agerian uzten dute geldirik dagoen gobernu baten aurrean gaudela, ez dituelako bere helburuak eta promesak betetzen, ez duelako etorkizuneko ikuspegi estrategiko bat partekatzen eta ez duelako gaitasun nahikorik akordio zabalak lortzeko, lurraldeko erronka garrantzitsuenak brodatzeko oinarriak ezartzeko", gaineratu du López de Arroyabek.
EH Bildurentzat Arabak gehiago merezi du. Hori dela eta, legegintzaldian geratzen diren hilabeteak aprobetxatzeko deia egin du, egiteke dauden gai horiei guztiei heltzeko. "EH Bildutik orain arte bezala aritzeko konpromisoa hartzen dugu: erantzukizunez, ikuspegi zabalarekin eta errealitatea hobetuko duten edukiekin akordioak lortzeko anbizioarekin. Alderdien taktikotasuna gailenduko ez dela espero dugu, eta horretarako lan egingo dugu", gaineratu du.