AKTUALITATEA


| 2022-10-28 11:05:00

EH Bildu batzarkide taldeak Noryesteko baltsan proiektu fotovoltaiko bat egitea proposatu du, Gasteiz ipar-ekialdean eraiki nahi dituzten bi planta fotovoltaikoen alternatiba gisa. Taldeak interpelazio bat aurkeztu du Ahaldun Nagusiak azalpenak eman ditzan, eta Arratzua-Ubarrundia inguruan eraiki nahi dituzten parke fotovoltaikoetarako eremu alternatiborik aztertu duen jakiteko.

EH Bildu Arabak kokapen alternatiboa proposatu du Noryesteko baltsan: ureztatzeko baltsa bat eraiki nahi izan zuten bertan, baina proiektuak porrot egin zuen lan guztiak eginda zeudenean, ura iragazi egiten baita. Eremua, beraz, erabat antropizatuta dago, hau da, gizakiak eraldatutako eremua da, batere balio ekologikorik edo nekazaritzakorik gabea. Horregatik, proiektu fotovoltaiko bat bertan egitea planteatu du EH Bilduk eremu ezin hobea delakoan.

Proposamenaren arrazoia da, besteak beste, Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren txosten batek jasotzen duela bi proiektuok hurbilegi daudela Uribarri Ganboa urtegitik, eta ingurumen aldetik zaurgarriak diren hainbat eremutan «kalte esanguratsuak» eragin ditzaketela, hala nola Mendixurreko hezegunean. Gainera, txostenaren arabera, proiektu horietako batean proposatutako 26 lursailetatik 16 proiektutik kanpo utzi beharko lirateke, Natura 2000 sarearen barruko Zadorra sistemaren Babes Bereziko Eremuan daudelako.

Bi proiektu

Solaria enpresak eta EVEk osatutako Indarberri SL enpresak bi proiektu fotovoltaiko erraldoi ezarri nahi ditu Gasteizko ipar-ekialdean. Bien artean, ia 350 hektarea hartuko lituzkete, eta 50 kilometro luze den hesi batek inguratuko lituzke. Lehenak Arratzua-Ubarrundiari eragiten dio, eta nekazaritza-balio handiko lurretan eraikiko litzateke. Bigarrena Ullibarri-Arratzua, Lubiano eta Jungitu (Gasteiz), Mendixur (Barrundia), Jungitu eta Arbuluko (Burgelu) lurretan kokatuko litzateke, eta 26 lursailetan izango luke eragina. Horrekin batera, 12.385 metro koadroko azpiestazio elektriko berri bat eraikiko litzateke orain dagoenaren 500 metrora.

Ahaldun nagusiari galdetuko diote ea Foru Gobernuak porrot egindako Noryeste baltsako eremu antropizatuan eta bertako jabeekin, Arratzua-Ubarrundiako Udalarekin eta eragindako kontzejuekin batera parke fotovoltaiko bat sustatzeko asmorik ote duen.