Arratzu-Ubarrundiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu eta urte gutxitara, EAJren Udal Gobernuak plan horren hirugarren aldaketa aurkeztu du. Funtsean, babesa nabarmen murrizten du, natura, historia, kultura, ingurumena, basogintza edo nekazaritza eta abeltzaintzako balioa duelako babes bereziko eremuetan. Hala, EAJk planteatzen du orain arte babestutako eremu horietan argi berdea eman ahal izatea, “erabilera publikoko eta interes sozialeko eraikin, eraikuntza eta instalazioetarako, beren izaera eta ezaugarriengatik eremu horretan ezinbestean kokatu behar diren zerbitzuak emateko”.
Lurralde historiko osoan eta, bereziki, Arratzu-Ubarrundian tamaina eta eragin handiko proiektuak ugaritzearekin batera egin da proposamena. Horien artean, zentral fotovoltaikoak edo goi-tentsioko lineak daude. “Uste dugu aldaketa honekin ateak gehiago irekitzen dizkiegula nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta ingurumen-balio handiko eremuetan azpiegiturak jartzeari”, nabarmendu du EH Bildu Arratzua-Ubarrundiako bozeramailea Arantza Arranzek.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk bost alegazio aurkeztu ditu HAPOren aldaketa horri. Oro har, EH Bilduren ustez, babes bereziko zonetan, natura, historia eta kultura aldetik duten balioagatik, ingurumenaren hobekuntzagatik, basogintzagatik edo nekazaritza- eta abeltzaintza-interesagatik, horrelako instalazioek ez dute lekurik. Ullibarri urtegitik gertu dauden eremuak, Batasunaren Garrantzizko Lekuak (BGL) edo urtegiaren iparraldean eta hegoaldean dauden baso eremuak dira horiek.
Bestalde, nekazaritza- eta abeltzaintza-interesa dela-eta babes berezia behar duten eremuetan, EH Bilduren proposamena da edozein azpiegitura jarri aurretik nekazaritza- eta basogintza-jardueran sortutako eragina aztertzea, eta soilik onartzea, baldin eta maila guztietan nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerarekin bateragarria bada. Kasu honetan, batez ere, udalerriaren hegoaldean eta mendebaldean dauden laborantzako lurrak dira.
Bestalde, EAJk Arratzu-Ubarrundia udalerriko eremu urbanizagarri eta eraikigarriak handitzeko dituen planen aurrean, EH Bilduren ustez, etxebizitzak eraikitzeko gutxieneko partzelaren azalera 800 metro koadrokoa izan beharko litzateke; udal gobernu taldeak, berriz, 700 metro koadrokoa. “Uste dugu azalera horrekin nahikoa dela, etxebizitzak eraikitzeko erabil daitezkeen partzelen kopurua nabarmen handitzen delako, eta, aldi berean, etxebizitza berrien dentsitatea handitzea eta neurriz kanpo ugaritzea kontrolatzen dugulako”, erantsi du Arranzek.
Azkenik, EH Bilduk Duranako sahiesbiderako adostutako konponbidea eskatu du, eta HAPOren aldaketa hori ez dadila onartu Erdialdeko Arabako Lurralde Plan Partzialaren tramitazioa amaitu arte. Halaber, ohartarazi du oraindik ez dela ezagutzen Ingurumen Txosten Estrategikoaren edukia.