Arraia-Maeztuko osoko bilkurak legegintzaldiko laugarren alkatea izendatu zuen atzo, eta EH Bilduk inplikazio eta konpromiso handiagoa eskatu zion gobernu berriari. EH Bildurentzat "ez da onargarria" legealdiaren hasieratik sortu den egoera udalerrian "desgobernua" eta "jarduerarik eza" ekarri dituelako.
Adibiderik nabarmenena uztailean gertatu zen, orduko alkatea zenak baja hartu baitzuen funtzioak lagatu gabe, eta horrek Udala astebetez ixtea eragin zuen de facto. Egoera horren ondorioz, EH Bilduk ezohiko eta premiazko osoko bilkura eskatu zuen, egoera horretara eraman zuten arrazoiak ezagutzeko eta soluzioak eskatzeko. Abuztuan orduko alkateak dimisioa aurkeztu zuen.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk konpromiso irmoa agertu du Arraia-Maezturekin. "Gure udalerriko bizilagunen bizitza hobetzeko lanean jarraituko dugu, jakitun baikara gure udalerriari irtenbide berririk eskaintzen ez dion gobernu agortu baten aurrean alternatiba bakarra garela", nabarmendu du.