AKTUALITATEA


| 2024-12-20 10:53:00

EH Bilduk gaur EUDELen Lurralde Batzordean Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailak egindako proposamenaren aurka egin du. Bertan, udalek gizarte-zerbitzuen arloan dituzten eskumenak foru erakundearen esku uztea nahi zuen Foru Sailak. Izan ere, Gizarte Zerbitzuen zorroari buruzko dekretua onartu zenetik, urtero hitzarmen bat sinatzen da Arabako Foru Aldundiak udal eskumeneko zerbitzu batzuk eman ditzan, hala nola Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua.

EH Bilduk beti kritikatu ditu hitzarmen horiek, uste baitu udalek hartu behar dutela beren gain haien prestazioa, eta, gainera, finantzazio nahioa bermatuta izan behar dutela. Baina oraingo honetan, Arabako Foru Aldundia haratago joan da, eta udal-autonomia eta toki-erakundeen eskumenak are gehiago urratzen saiatu da.

Gauzak horrela, Urtarango departamentuak nahi zuen udalek Arabako Foru Aldundian lagatzea dituzten zerbitzu guztiak, besteak beste, eguneko arretarako landa-zentroak, etxebizitza komunitarioak, tutoretzapeko tresnak edo zaintzaileei laguntzeko zerbitzua.

Unai Gutierrez Urkiza Zuiako alkatek eta EUDELeko Lurralde Batzordeko kideak gogor kritikatu du Foru Gobernuaren erabakia. "Beti defendatu dugu hurbiltasunetik hobeto kudeatzen dela, eta beti esan dugu toki-erakundeek gure eskumenak bereganatu behar ditugula eta horretarako behar besteko finantzazioa izan behar dugula. Baina Gizarte Zerbitzuen foru departamentuak kontrako norabidean pausoak eman nahi ditu, gure eskumenak hustuz eta zerbitzu guztien prestazioa zentralizatuz ", zehaztu du.

Gaurko bileran, EH Bilduk beste gai batzuk defendatu ditu, hala nola Arabako Foru Aldundiak etxebizitza komunitarioen eguneko arreta zerbitzuetara egokitutako garraioaren % 100 finantzatzea, CRAD zerbitzuan egiten duen bezala. Gainera, aurtengo uztailetik indarrean dagoen foru-araudia betez, planteatu du zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoen gutxieneko zenbatekoa 100 eurokoa izatea, eta gehieneko zenbatekoa 575 eurora igotzea Arabako Lurralde Historikoan 3 urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatzen dutenentzat. Eta igoera horiek onartu ein ditu Lurralde Batzordeak.