AKTUALITATEA


| 2021-03-25 10:54:00

EH Bilduk Arkamoko eta Iturrietako Mendietako proiektu eolikoek zuzenean eragiten dieten udal-gobernuei alegazioak elkarrekin egiteko deia egin die. Aguraingo, Arraia-Maeztuko, Iruraiz-Gaunako eta Erriberagoitiko udalak dira, baita Entziako partzuergoa ere. Helburua da Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena negatiboa izatea eta haren administrazio-prozedura geldiaraztea. “EH Bildutik udal gobernu horiei eskua luzatu nahi diegu alegazio horiek egiten laguntzeko eta, ondoren, Espainiako Gobernuari aurkezteko. Elkarrekin indartsuagoak izango gara zentzugabekeria horren aurrean”, adierazi dute Raul Lopez de Uraldek eta Ruth Ibisatek, Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal-taldeen bozeramaileek, hurrenez hurren. Horiekin batera, Bakartxo Bravo (EH Bildu Agurain), Josepe Martioda eta Josu Martinez de Trespuentes (EH Bildu Erriberagoitia), Moises Perez de Arriluzea, Iratxe del Barco eta Ion Saez de Urabain (EH Bildu Iruraiz-Gauna) prentsa agerraldian egon dira.

 

Atzo bertan argitaratu ziren BOEn parke eoliko horien aurkako alegazioak aurkezteko informazio-eskaerak, eta, ondorioz Ingurumen Inpaktuaren nahitaezko azterketa egiteko prozedura abian jarri da. EH  Bilduk gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Iberdrolaren eta EEEren bidez bultzatutako proiektu horiek 200 metroko altuerako 15 errota eoliko eraikitzea proposatzen dute Iturrietan, eta ezaugarri bereko beste 19 Arkamon. Horri gehitu behar zaizkio mendi horietan hustu beharreko 1800 bat hormigoi-ontzi, jarriko diren bi milioi kilo altzairu eta egin beharreko 30 kilometro bide.

 

Hori guztia, babes bereziko eremu batean. Iturrietako mendien kasuan, Europako Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremua dira. Gainera, hegazti nekrofagoen elikadurarako babesgunea da, eta errotetako batetik 100 metro eskasera, Araban dauden bi hegazti nekrofagoen muladar bakarrenetako bat dago (Analamendi). Arkamoren kasuan, Natura 2000 Sarean sartuta dagoen eremu bat ere bada, bereziki zaindu beharreko eremua, eta 2002an onartutako Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorial zaharkituan, kokaleku hori Eusko Jaurlaritzak bere garaian proposatutakoen artean ingurumenaren gaineko eragin handiena zuena zen, 100eko eskalatik 73,2an hain zuzen.

 

Baina, horrez gain, gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak berak Eusko Jaurlaritzari eskatu ziola 2009an Energia Eolikoaren Sektoreko Lurralde Plana eguneratzea eta, bitartean, aurreikusitako zentral eoliko guztiak geldiaraztea. “11 urte igaro dira eta oraindik ez dugu planik.  Bien bitartean, Araban energia berriztagarriak ezartzeko egin eta onartu den plan bakarrak, Mugarri Planak hain zuzen, Iturrietako mendiak eta Arkamoko mendilerroa eolikoak ezartzeko baztertze-eremu gisa hartzen ditu. Horregatik, gure ustez, ezin da proiekturik abian jarri energia berriztagarriak ezartzeko planik gabe. Plan horrek helburuak eta epe argiak ezarriko ditu eta bazterketa-eremuak zein izango diren zehaztuko du. Gainerako guztia, beraz, iruzurra izango da Eusko Legebiltzarrean erabakitakoari dagokionez. Denak ez du balio”, gaineratu dute Ibisatek eta Lopez de Uraldek.

 

“Konbentzituta gaude belaunaldiz belaunaldi zaindu diren babestutako eremu horiek defendatu behar ditugula eta horrela kontserbatu  behar ditugula etorkizuneko belaunaldientzako. Baina era berean, trantsizio energetikoa abian jarri behar dela konbentzituta gaude”, esan dute. Ildo horretan, herri akordio bat aldarrikatu dute energia berriztagarrien hedapenari dagokionez erronka handienetakoa baita, edozein  gobernutik haratago egongo dena. Hori dela eta, kasu honetan ere, indar politiko guztiekin eta eragile sozialekin akordioetara heltzeko prestutasun osoa adierazi nahi dute.