Argantzongo Udalak osoko bilkuran baztertuko du bihar Gaztela eta Leongo Juntak Trebiñu Araban integratzeko zenbait ekimen bultzatzen zituen abenduaren 15eko erabakia bertan behera uzteko egindako eskaera. Joan den abenduan, Trebiñuko eta Argantzongo udalek adierazpen bat onartu zuten, “dagoeneko luzea den martxa honetan urratsak egiten jarraitzeko, eta, prozesu historiko honetako beste une batzuetan bezala, Trebiñu Araban sartzeko prozesua suspertzeko, arrazionaltasuna lortzeko eta justifikaziorik gabeko kalteak eta arazoak saihesteko”.
Adierazpen horretan, Trebiñu Araban integratzearen aldeko komunikazio-kanpaina bateratua abiaraztea eta lan-mahai bateratua sortzea aurreikusten zen. Era berean, herritarrei dei egiten zitzaien “ekimen honen sustapenean lagundu eta antolatzeko, Trebiñuko enklabea Araban integratzeko helburuarekin herritarren funtsezko eta ezinbesteko motorra izan zitezen”.
Hala ere, 2022ko urtarrilaren 17an, Gaztela eta Leongo Juntak errekerimendu bat egin zion Argantzongo Udalari osoko bilkurak erabaki hori bertan behera uzteko zezan. Gaztela eta Leongo Juntak dio nazioaren interes orokorretan eragin negatiboa duela eta Udalaren eskumenak gainditzen dituela.
Argantzongo Udalak, berriz, berretsi egin du enklabea Arabako Lurralde Historikoan sartzeko asmoa, eta gogorarazi du Gaztela eta Leongo Estatutuak berak arautzen duela egiteko prozedura.