AKTUALITATEA


| 2023-01-27 10:28:00

Argantzongo Udalak argi berdea emango die 2023ko kontuei gaur arratsaldean egingo den osoko bilkuran, gobernu taldearen botoekin. Guztira, Argantzonek 605.000 euro izango ditu 2023an, iaz baino ia 20.000 euro gehiago. Aurrekontuaren % 17 inbertsioetara bideratuko da. Horrela, energia eraginkortasuna eta aurrezpena hobetzeko estrategiari jarraituz, 18.800 eurorekin ekingo zaio eguzki-farolak instalatzeko bigarren faseari. Gainera, erromesen aterpetxeko leihoak aldatzeko 11.000 euro inbertituko dira, eta oraingo Udalaren erradiadoreen ordez kontsumo txikiko beste batzuk jarriko dira. Kasu horretan, 10.000 euro baino gehiago inbertituko dira.

Hori guztia autokontsumo kolektiboko plaka fotovoltaikoak instalatzeko lanak ahaztu gabe. Plaka horiek frontoiaren estalkian jarriko dira eta hainbat udal instalaziori zerbitzua emango diote. Kasu horretan, 70.000 euro baino gehiago inbertituko dira, eta Next Generation funts europarren kontura finantzatuko da. Bitartean, errota zaharra birgaituko duenergia hidroelektrikoa sortzeko. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu ondoren, proiektua eguneratzen ari da eta, martxan jartzeko, aurrekontu soberakinera joko da.

Inbertsioen artean nabarmentzekoak dira, halaber, siloaren forjaketa-egitura indartzeko lanak (22.500 euro), Villanuevako zoladura ordeztea (19.000 euro) eta Ibaialdeko haur-parkearen bigarren fasea. Eremu horretan, estalki bat jarri ondoren, haurrentzako eta aisialdirako parke bat sortuko da, 11.700 eurorekin. Azkenik, 5.000 euro inbertituko dira bide publikoko seinaleak hobetzeko.

Langileen gastuetarako 1. kapituluko partida ere handitu egin da. Guztira, aurrekontuaren % 27 kapitulu honetara bideratuko da. Berritasunen artean, aipatzekoa da figura berri bat sartu dela, lorezaintzako peoia, zeina aldizkako langile finkoen modalitatean udal-plantillan sartuko baita hiru hilabetez lanaldi osoan.

Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkatea pozik agertu da lortutako akordioarekin, eta aurrekontu horiei esker Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak finkatu ahal izango direlako, eta, aldi berean, udalerriko trantsizio energetikoan aurrera pausuak emango direlako. “Kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu nahi ditugu, udal honi zerbitzuak ematen dizkiotenen lan-baldintzak hobetu nahi ditugu, eta, batez ere, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin konpromiso argia dugu, gure energia-eraginkortasuna eta energia-aurrezpena hobetzeko”, adierazi du.