Mahats Bilketaren jaia ospatu da gaur Navaridasen eta bertan EH Bilduk Arabako ardogintza, oro har, eta upategi txikiak, bereziki, defendatzeko konpromiso irmoa eskatu die euskal erakundeei. Izan ere, aurtengo uzta “Arabako Mahastiak” sor-markaren etiketarekin merkaturatzeko aukera izango zutela uste zuten duela hilabete gutxi batzuk baina Riojak hartutako erabakien ondorioz, epaitegietan eten egin da prozesua hori eta Eusko Jaurlaritzak “bakarrik utzi ditu upategi txikiak”. Horrez gain, Riojak bereizketaren bidea hartu nahi duten upategiak zigortu nahi ditu, destilazio diru-laguntzak berandu datoz eta soberakinak zehazten dituen sistemak kale egin du eta eman dituen emaitzak ez dira batere fidagarriak.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk bereizketaren aldeko apustua egin du upategien zein eskualdearen etorkizuna bermatze aldera. Eva Lopez de Arroyabe Batzarkide Taldeko bozeramaileak azaldu du pregoia baino lehenago. Berarekin batera, Nerea Kortarajarena Legebiltzarreko bozeramailea eta Oion zein Samaniego alkateak Jose Manuel Villanueva eta Pili Garmendia izan dira, besteak beste.
“Guk argi dugu, ardogintzari lotutako sektorea krisi larrian dago aspalditik, besteak beste Riojak hartutako erabakiek upategi handien mesedetara hartzen direlako, eta etorkizuna bereizketaren eskutik etorriko da. Gero eta ahots gehiagok defendatzen dute hasieratik ABRAk eta Arabako Mahastiak proiektuak sustatu dutena. Horregatik uste dugu heldu dela unea Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak zinez bide hori egiten laguntzeko”, esan du.