Bizikleta egunerokotasunean erabiltzeko eta horretarako beharrezkoa den azpiegitura garatzeko plan bat eskatu diote Foru Aldundiari
Araba. 29-01-2026 | EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eskatu dio lurraldean barna bizikletak alokatzeko foru-sistema bat ezartzeko aukera azter dezala. Zehazki, mozioan Mobility Lab hiri-mugikortasunaren eta logistikaren berrikuntza-poloari eskatzen diote bizikleta arruntak eta elektrikoak mailegatzeko foru-sistema baten bideragarritasun eta potentzialitatea aztertzen duen ikerketa bat aurkeztea sei hilabeteko epean.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak azaldu du larrialdi klimatikoak eskatzen duela erakunde publikoek garraio pribatuaren alternatiba sendoak eskaintzea, karbono emisioak murriztu nahi baditugu. «Izan ere, Hego Euskal Herrian gure energia kontsumo osoaren %40 baino gehiago da mugikortasuna», esan du Lopez de Arroyabek.
«Arabak duen populazioaren banaketa dela-eta, herritar askorentzat ibilgailu pribatua erabiltzea beste aukerarik ez dago herriz-herri mugitu nahi badute, baina horrek ez du esan nahi, teknologiaren garapenak gero eta eragin handiagoa duen honetan, mugikortasun modu berriak eta berritzaileak bilatu behar ez direnik». Eta ildo horretan, bizikleta arruntak zein elektrikoak gako izan daitezke, EH Bilduren ustez. «Gero eta aukera gehiago eta mugitzeko askatasun handiagoa ematen dutenez, logikoa da planifikazio bat pentsatzen eta diseinatzen hastea ibilgailu hauek ere eguneroko mugikortasuneko beste elementu bat bezala integratzeko».
Intermodalitatea eta azpiegiturak
Beraz, Lopez de Arroyaberen ustez, «jendearen mugikortasun ohiturak aztertuta eta eskualde barruko edota eskualde buruen arteko mugimenduak ikusita, planteagarria izan daiteke behar hauei erantzungo liekeen foru-mailegutza sistema sortzea». Bozeramaileak gogora ekarri du, gainera, Gasteizen MugiBIKE bizikleta elektrikoak mailegatzeko udal-zerbitzu berria jarri berri dela martxan EH Bilduren ekimenez, eta aurkezpenean Cristina Gonzalez Lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatua egon zela.
Bizkaian ere martxan jarri dute bizikleta publikoaren mailegu sistema bat, eta «horrek erakusten du herrialde mailako proiektuak ezarri ahal direla, beti ere ongi diseinatuta badaude», Lopez de Arroyaberen esanetan. Horregatik eskatu dute halako sistema bat martxan jartzeko aukera aztertzea, baita bizikleta halako ibilbideetan erabiltzeko ohitura zabaltzeko zer azpiegitura beharko liratekeen aztertzea ere.