AKTUALITATEA


| 2021-10-23 09:12:00

Sakana eta Arabako Lautako EH Bilduko udal ordezkariak bildu dira aste honetan Etxarri-Aranatzen bi eskualdeen arteko elkarlana bultzatzeko. Izan ere, asko dira amankomunean dituzten erronkak, gabeziak, aukerak eta arriskuak.

 

Mugikortasuna, elikadura burujabetza, hondakinen kudeaketa eta zaintza eremua izan dute, besteak beste, hizpide. Tren soziala martxan jartzea bai Mirandatik Altsasura, baita Altsasutik Iruñara, da EH Bilduren lehentasuna kalitatezko garraio publikoa bermatzeko asmoz. Baina mugikortasunari lotutako bestelako proiektuak ere badituzte Sakanak eta Laudatak. Horietako bat Eurovelo 1 da. Europan zeharreko distantzia luzeko bizikleta-bidea da eta Atlantikoko Kostaldeko Bidea deitzen zaio. 11 000 km-ko luzera du eta sei herrialdetatik igarotzen da: Norvegia, Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia, Espainia eta Portugal. Baina Nafarroa eta Araba arteko lotura egin gabe dago oraindik. Santiago Bideari lotutako azpiegiturak hobetzea eta mugikortasun kooperatiboa bultzatzeko sortu berri den Kudea GO izeneko aplikazioaren aukerak ere aztertu dute gaurko bileran.

 

Bestalde, elikadura burujabetzan aurrea egiteko asmoz eta Sakanako Mankomunitatearen zein Sakanako Garapen Agentzia eta Lautadako ADRren arteko elkarlana sustatu nahian, egun Lautadako Elikagaien Transformaziorako zentroak dituen aukerak eta etorkizunean eskainiko dituen zerbitzuak aztertu dituzte. Bertan, lekaleak eta beste ale batzuen garbiketa gunea dagoeneko martxan dago. Bestetik, hegaztientzako hiltegi modularra egiteko proiektua ere badago eta errota lanetan zein irinaren eraldaketan ere lanean ari da Arabako Lautada. Sakanan, aldiz, bertako Garapen Agentziak, abeltzainek eta Etxarriko Udalak bultzatuta zatitze gela martxan jarri dute bertako hiltegi zerbitzuaren osagarri gisa.

 

Hondakinen kudeaketaz ere hitz egin dute Asparrenak eta Arbizun bio-hondakinak tratatzeko plantak daude eta. Frakzio organikoa jaso eta tratatzeko 1.200 metro karratuko instalazio berri bat eraikitzen ari da Asparrena eta Arbizun dagoeneko konpost planta bat martxan dago.

 

Azkenik, azpiegitura energetikoei buruz ere aritu dira. Zaragozatik-Gasteizera Goi Tentsioko linea bat proiektatu da eta Sakana zein Arabako Lautada zeharkatuko ditu. Alegazioak aurkezteko epea zabalik dago eta bide hori eskutik egiteko asmoa du EH Bilduk.