AKTUALITATEA


| 2019-12-18 18:27:00

Arabako hainbat udalerrietako 50 bat ordezkari bildu dira gaur Agurainen aldaketa klimatikoaren aurkako zein hezkuntzako politiketan sakontzeko. Behin azken hauteskunde zikloa amaituta, EH Bildu datozen urteotako estrategiak lantzen hasi da udalerriz udalerri eta azaroan politika feministari buruzko saioa egin ostean, gaur ingurumenak eta hezkuntzak hartu dute lekukoa. Politikagintza oinarritik lantzeko kultura abiapuntua izanda, herrietatik eta herritarrekin batera jorratu nahi ditu EH Bilduk estrategikoak diren ildoak. Horietako bat da larrialdi klimatikoa eta horretarako “praktika onen” gida bat osatu du EH Bilduk.

Arloz arlo aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak zein adibideak jasotzen ditu gida horrek. Energia berriztagarriak, elektrizitatea, mugikortasuna, hondakinen kudeaketa edo elikadura burujabetza jasotzen ditu, besteak beste, gidak. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “iraunkortasun politikak lehentasuna dute guretzako eta gure nortasunaren marka dira; horregatik, hasi berria den legealdi honetan, orain arteko zortzi urteko ibilbidean iraunkortasun klabean eginiko lanetan sakontzea dugu helburu”. Gauzak horrela, gaurko mintegiaren bitartez, larrialdi klimatikoaren aurrean eta landa eremuen degradazio sozial, ekonomiko eta kulturalaren aurrean, EH Bilduk maila lokaleko instituzioetan duen indar eta ardura norabide horretan egonkortzeko klabe ezberdinak eskainiko dizkie udal hautetsiei. Hemendik aurrera, herriz herri, larrialdi klimatikoari aurre egin eta Araba biziberritzeko neurri zehatzen plangintzak osatu eta gauzatuko ditu EH Bilduk.

Izan ere, toki erakundeetan egin beharreko lanaren garrantzia azpimarratu du. “Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak eta bertan ditugun eskumenetatik abiatuta, gure herrietako bizitzak hobetzeko neurriak lantzeko konpromisoa dugu”, azaldu du Ruth Ibisatek, EH Bilduko Udalgintza arduradunak Araban.

Baina herrietako eragile eta herritarrekin batera jarduteko konpromiso irmoa du EH Bilduk gainera eta hori dela eta, datozen hilabeteotan, herriz herri eta gure hautetsi zein militanteekin batera, maila lokalean, udalgintzatik landu beharreko gaien ildo estrategikoak modu kolektiboan eraikitzen jarraituko du.