AKTUALITATEA


| 2024-09-27 09:12:00

Erreforma fiskala, herritarren ongizatea, trantsizio ekosoziala, lehen sektorea, burujabetza, feminismoa… arlo guztietarako neurriak jarri ditu mahai gainean Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak

Araba. 2024-09-27 | «Nola dago Araba?». Galdera horrekin ekin dio Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak gaurko Politika Orokorreko osoko bilkuran egindako hitzartzea.

Hala, lurraldearen diagnostikoa egin du, aukeraz beteriko lekuan bizi garela nabarmenduz: «Mendeetan zehar ingurune naturala, biodibertsitatea eta herriak zaindu diren lurralde batean bizi gara, ehun sozial eta ekonomiko inbidiagarria duen lurralde batean, zaintzaren arloan aitzindaria izan den lurralde batean, eta bertan bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztiek bizi-proiektu bat modu duinean garatu ahal izateko potentzial handia duen lurralde batean».

Alta, arabarrak «nekatuta» daudela adierazi du bozeramaileak, «gizarte-eskaeren aurrean gor» dagoen foru gobernuak ez duelako behar bezala erantzuten. Horregatik, politika egiteko beste modu bat aldarrikatu du Lopez de Arroyabek, «jendeari entzun, jendearekin egon eta jendearentzako lan egin» gako gisa hartuta. Bozeramaileak adierazi du horixe dela desafekzio politikoa gainditzeko bidea: elkarrizketa praktikan jartzea eta adostasunak lortzea. «Ezinbestekoa da gizarteak erakunde publikoetan gaudenengandik espero duenera egokitzea». Hori aintzat hartuta, elkarlanerako deia egin dio Foru Gobernuari.

Foru gobernuari egotzi dio ekimen berritzailerik ez izatea, eta modu berean jardutea azken 10 urteotan, hamarkada batean Araba asko aldatu den arren. Horren adierazle da Arabako gizarteak azken hauteskundeetan hartutako norabidea: «Hainbat hauteskunde-hitzorduren ondoren, argi dago aldarri hori, ziklo sozial eta politikoaren aldaketa, hain zuzen, hautestontzietara ere eraman dela, Araba luze zabalean zehar ikusi ahal izan dugun bezala».

Proposamenak aletuta

Ildo horretan, elkarrizketa horretarako oinarriak izango liratekeen proposamenak aletu ditu Eva Lopez de Arroyabek, EH Bilduk lehentasun gisa hartutako eremuetan: aberastasunaren banaketa, gizartearen ongizatea, trantsizio ekosoziala eta lurralde kohesioa.

Aberastasunaren banaketarako lehentasun gisa, zerga-erreforma aipatu du Lopez de Arroyabek, eta proposatu du lan-errenten taulak berrikustea, etxebizitzarako sarbidea erraztea eta kapital-errentek ekarpen handiagoa egitea, besteak beste.

Zaintzen arloan proposatu du egoitza-plaza publiko gehiago sortzea, bai Gasteizen, baita Arabako beste eskualdeetan ere, gogora ekarrita Añanan edota Mendialdean ez dagoela egoitza publikorik. Horrez gain, HEGAN programa hobetzea ere, adingabe eta gazteek babes handiagoa izan dezaten, baita neguko aterpeak handitzea ere, gizarte-bazterkeria egoera larrian daudenak artatzeko.

Trantsizio ekosozialean, energia berriztagarrian Lurralde Plan Sektoriala lehenbailehen onartzea eskatu du, berriztagarrien zabalpena arautzeko. Horrekin batera, gizakiak eraldatu dituen eremuetan (autopista edota industrialdeetan, esaterako) instalazioak ezartzea proposatu du, Badaia eta Elgeako parke eolikoak birpotzentziatzearekin batera, komunitate energetikoak sustatzea ahaztu gabe.

Garraioaren arloan, gogora ekarri du txartel bakarra edota 12 urtetik beherakoen doakotasuna EH Bilduren eskaera historikoak izan direla, baita Altsasu eta Miranda arteko trena ere, baina eskatu du geltoki berriak egitea industrialdeetan eta Gasteizen, esaterako.

Europako zuzentarauak betetzeko, hondakinen kudeaketa egokia izango da Arabaren zereginetako bat datozen urteetan, eta horretarako proposatu du Jundizeko ontzi arinen planta publifikatzea, konpostajea kuadrilletan egitekoa aukerak biderkatzea edota SDDR eredua hainbat herritan ezartzeko aukera sortzea.

Lehen sektoreari dagokionez, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi asko desagertu egin direla aipatu du Lopez de Arroyabek, eta presazkotzat jo du Estrategia Agroalimentario bat egitea, baita Kontseilu Agroalimentarioa eratzea ere, sektoreko eragileen parte-hartzea izango duena.

Lurralde kohesioa da EH Bilduren lehentasunetako bat, eta garraio publikoari egin dio erreferentzia arlo horretan, herrien arteko loturak sustatu eta sendotzeko bide gisa. Horrekin batera, Tokiko Entitateentzako laguntza lerroa zabaltzea proposatu du, etxebizitzen berrikuntza edota erosketa bultzatzeko, gero alokairu sozialera bideratzeko. Kontzeju bakoitzak bere plan estrategikoa egiteko laguntza eta aholkularitza ere proposatu ditu bozeramaileak, herri bakoitzak bere geroa marrazteko.

Gai transbertsalak ere aipatu ditu Eva Lopez de Arroyabek, hala nola euskararen plan estrategikoa lehenbailehen egitea, Araba mailako hitzarmen bat sustatzea soldata arrakalari aurre egiteko, emakume eta gizonen arteko berdintasunerako Foru Erakudena eta sailetako unitatek sortzea.

Azkenik, Euskal Herriaren erabakitzeko gaitasuna aldarrikatu du, «jendarte kohesionatu eta demokratikoago bat» sortzeko bide gisa, eta Trebiñuren auziari «erabateko lehentasuna» emateko konpromisoa hartu du, EH Bilduren izenean. «Momentu historiko klabe batean gaude eta egoera aprobetxatu behar dugu», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek, azken galdera bat ere plazaratuz, Foru Gobernuari zuzenduz: «zer-nolako Araba utzi nahi diegu datozen belaunaldiei?».