AKTUALITATEA


| 2022-06-28 10:27:00

Araba | 2022-06-27. EH Bildu Araba batzarkide taldeak Nekazaritzako foru diputatuaren agerraldia eskatu du, Nekazaritza Sailak beira horniduraren eskasiaren aurrean neurririk ezartzea aurreikusi duen jakiteko.

Arabako Errioxako ardogileek arazoak aurreikusi dituzte aurtengo ardoa botilaratzeko, eta arazoa areagotu daiteke irailetik aurrerako mahats bilketaren ondoren, upategi txikiek ezin izango dutelako ardoa botilaratu. Aldi berean, upategi handiek ere ardoa botilaratzeko arazoak izango dituztenez, nekazariei erosten dieten mahats bolumena txikiagoa izango da, horrek ekarriko dituen galera ekonomikoekin.

Egoera ez da berria, baina energia kostuak eta erregaiak handitzeak beira hornitzaileek eskari handiagoak lehenestea ekarri du garraio kostuak murrizteko eta, beraz, upategi txikiak dira kaltetuenak. Horren aurrean, Arabako Foru Aldundiak dituen asmoen berri jakin nahi du EH Bilduk.

EH Bilduren batzarkide Eva Lopez de Arroyabek adierazi du egoera are gehiago korapila daitekeela datozen hilabeteetan, aurreratu daitekeen mahats-bilketaren ostean, eta horregatik ezagutu nahi du diputatuaren balorazioa. «Uste dugu premiazkoa dela bai erabilitako botilak berrerabiltzeko neurriak ezartzea, baita upategi guztiei hornidura bermatzeko neurriak ezartzea ere, upategi txikiei bereziki», esan du Lopez de Arroyabek.