AKTUALITATEA


| 2022-03-23 10:44:00

EH Bilduk Arabako Emakumeen Batzarra deitu du ostiral honetarako Gasteizen. Emakumeon Gunearen baitan antolatu da, eta premisa feministak oinarri hartuta elkartzeko, hausnartzeko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko gunea izatea du helburu. Bilera 17:30etik aurrera izango da, Europa Jauregian. EH Bildurentzat, proiektu politiko feministan sakontzeko, beharrezkoa da ekintza politiko osoa begirada feministaz blaitzea, baita antolatzeko eta funtzionatzeko erak,  militantzia eta parte-hartze politikoa ere.

“Emakumeen arteko elkarguneak funtsezkoak dira gure posizionamendu politikoa indartzeko, elkar aitortzeko, ezagutzeko, esperientziak partekatzeko, ikasteko eta alternatibak eraikitzeko, geure burua zaintzeko, elkarrekin indartsuago izateko eta eragiteko eta eraldatzeko gaitasun handiagoa izateko, horrela EH Bilduren proiektu politiko feministan aurrera eginez”, azaldu du sortu berri den Idazkaritzako Feministan Arabako ordezkaria June Mugikak. Izan ere, bide horretan urrats kualitatiboak eman dira, hala nola Idazkaritza Feminista sendo bat eta ikasturte honetan martxan jarri den Plan Feminista bat izatea. Emakumeon Gunea proiektu feminista integral horren parte da.

Ostiralean Araba osoko emakumeak elkartuko dira helburu bikoitzarekin: EH Bilduren Idazkaritza Feminista berritua eta indartua aurkeztea eta Arabako EH Bilduren emakumeon arteko sareaz hausnarketarako eta proposamenerako gune bat irekitzea; sarea ehuntzeko zer behar zehatzak identifikatu eta behar horiei erantzuteko proposamenak egin. “Gure errealitatea askotarikoa da, eta beharrizan aniztasun horri erantzun behar diogu, kontuan hartuta emakume horiek landa-ingurunean edo hiri-ingurunean bizi diren edo emakume militanteak edota kargu publikoak diren”, azaldu du Mugikak. Adostutako proposamen horiek Plan Feministan jasoko dira, eta datozen urteetan garatu eta sakonduko dira.