AKTUALITATEA


| 2025-06-12 11:13:00

Gaubean, Añanako Kuadrillan eta Batzar Nagusietan aurkeztu du mozioa, Burgosko Diputazioarekin eta Berberanako Administrazio Batzarrarekin lankidetza-hitzarmena sinatzeko eskatuz

Araba. 2025-06-12 | EH Bilduk Miomako errepidea konpontzeko mozioa aurkeztu du Gaubean, Añanako Kuadrillan eta Batzar Nagusietan, Miomako errepide bakarraren «egoera tamalgarria begi-bistakoa» dela iritzita.

«Miomako sarbide eta aterabide bakarra den BU-V-5583 errepidearen Valpuestatik Arabako mugarainoko tartearen egoera tamalgarria begi-bistakoa izateaz gain, are lotsagarriagoa da Arabako herri txiki horretako biztanleek aspalditik holako egoera bat jasan behar izatea», esan dute EH Bildutik. Errepidearen ardura Burgosko Diputazioarena da, eta Berberanako administrazio batzarrak ezin du bere gain hartu konponketaren kostua, baina EH Bilduren ustez «Arabako Foru Aldundiak bertako arabarrei gutxieneko bizi baldintza duinak bermatzeko erantzukizuna badu».

«Gai honi buruz ekaineko Arabako Batzar Nagusien kontrol osoko bilkuran diputatuari galdetu ostean, zoritxarrez, ez genituen ikusi Foru Gobernuaren aldetik behar besteko grina eta interesa arazo hau konponbidean jartzeko». EH Bilduk uste du konponbide bideragarri bakarra dela Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmen bat adostea Burgosko Diputazioarekin zein Berberanako Administrazio Batzordearekin bere gain hartzeko errepide horren konponketa lanak, eta hitzarmen hori negoziatzen lehenbailehen hasteko eskatu diote Foru Aldundiari.

Mozioa atzo bertan eztabaidatu zen Gaubeako udalbatzan, eta EAJren aurkako botoak jaso zituen. Datozen asteetan eztabaidatuko da gaia Batzar Nagusietan eta Añanako Kuadrillan.