Legegintzaldia bukatu baino lehen 12 urte azpiko ume guztien jarduera fisikoa ludikoa eta kirolanitzekoa izatea lehenetsiko duen programa bat abiatzea eskatu dute, besteak beste
Araba. 2025-06-11 | EH Bildu Araba batzarkide taldearen ekimenez, eskola kirola lehen hezkuntzako etapa guztietara zabaltzeko programa abiatuko du Diputazioak. EH Bilduren mozio batean oinarritutako proposamenaren alde bozkatu dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Arabak.
Eskola Kirola umeek nahitaezko eskola-aldian, 6-16 urte bitartean, eskola-orduetatik kanpo egiten dituzten kirol jarduerak dira. Adin horietan haurren garapenerako kirola eta jarduera fisikoa egitea oso garrantzitsua da eta, gainera, jarduera hezigarriak dira eta eskola-umeen heziketa integralaren barruan kokatzen dira.
Xabier Valdor EH Bildu Arabaren batzarkideak eskola kirolaren garrantzia nabarmendu du: «Kirol eta jarduera fisikoen ohiturek on egiten digute, eta garapen pertsonal integralean eta gizarte kohesio eta egituraketa komunitarioan determinantea izan daiteke. Ohitura horiek eskuratzeko, nahitaez, prozesu bat igaro behar dugu, eta prozesu hori hasierako adinetan ematea guztiz beharrezkoa da, baina ez edonola, haurraren garapen etapak eta ezaugarriak errespetatu behar dira. Eta eskola adineko etapen ezaugarriak kontutan hartuta diseinatu beharra daude eskola adineko programak eta jarduera fisikoa».
Valdorrek esan du Gipuzkoan aspaldi lehenesten dutela eskola kirola kirol federatuaren gainetik. Horren harira, gogora ekarri nahi izan du joan den urtarrilean EAEko auzitegi gorenak epai bat atera zuela filosofia eta oinarri horien kontra egiten duena, zehazki Gipuzkoako eskola kirolaren multikirol programaren kontra. Arabari dagokionez, Kirol diputatuak agindu zuen gaiari buruzko dekretua emango zuela 2024ko ekainerako: «Gaur da eguna, oraindik ere horrelakorik egin ez duena», deitoratu du Valdorrek.
Etapa guztietara
Hala, taldeen artean adostutako mozioan Foru Aldundiari eskatu diote legealdia amaitu baino lehen programa espezifiko bat diseina dezala, eskola-kirolaren programazioaren barruan, jarduera ludiko-motorrak, kirolanitzak eta jolas librea bultzatuz haur eta lehen hezkuntzan.
Era berean, Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren 2/2023 Legea garatzeko urratsak ematea eskatu dute, jarduera fisikoa eta kirola eta ohitura osasungarriak sustatuz eta tolerantzia eta errespetua bultzatuz, kirol inklusiboa eta kirolanitzekoa ahalbidetzeko. Horrekin batera, legearekin bat eginez, Diputazioari eskatu diote 0-12 urte bitarteko haurren artean sustatzen den jarduera fisikoa nagusiki kirolanitzekoa eta ludikoa izatea. Azkenik, kirol mota horri buruzko informazio kanpaina bat abiatzea eskatu dute, hezkuntza komunitateei, guraso elkarteei eta kirol taldeei zuzenduta.