AKTUALITATEA


| 2025-03-12 15:21:00

EAJk, PSEk eta PPk errefusatu egin dute frankismotik ihes egin ostean kontzentrazio-esparruetatik igaro ziren 14 biktima arabarrak omentzea eskatzen zuen EH Bilduren mozioa

Araba. 2025-03-12 | EAJk, PSEk eta PPk atzera bota dute gaur EH Bildu Araba batzarkide taldearen mozio bat, Arabako Foru Aldundiari eskatzen ziona frankismotik erbesteratu behar izan ondoren nazien kontzentrazio-esparruetan preso egon ziren arabarrak aitortzeko.

Nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako arabarren memoria aitortzeko, omentzeko eta zabaltzeko ekimena aurkeztu zuen EH Bilduk, Arabako Batzar Nagusietan eta orain arte identifikatu diren 14 arabarren jatorrizko sei udalerrietan erregistratutako ekimen baten bidez. Ekimenean datorren maiatzaren 6aren inguruan omenaldi ekitaldi bat egitea aurreikusten zen, kontzentrazio esparruetara deportatutako azken euskal taldea askatu zuteneko 80. urteurrenarekin bat eginez.

Aipagarria da mozio hori bera onartu zela Kanpezun, EAJren aldeko botoekin, eta Bastidan, aldzi, EH Bilduren ekimenean oinarritutako oso antzeko adierazpena onartu zen. Gaur bertan eztabaidatuko dute mozioa Oinen ere.

Gogora Institutuak 2020an eskatutako txosten baten arabera, biktima horietako sei Gasteizko bizilagunak ziren, bi Bastidakoak eta gainerakoak Lantaron, Laguardia, Kanpezu eta Oiongoak. Baina txosten ofizialak herren geratzen dira eta oraindik ez dute informazio guztia eguneratuta.

Orain, 80 urte geroago, EH Bilduk pertsona horiei guztiei omenaldia egitea, artxiboak eguneratzea eta pertsona horien memoria ezagutarazteko material didaktikoa egitea proposatu zuen, baina EAJk, PSEk eta PPk atzera bota dute aurrera atera ez den ekimena.