AKTUALITATEA


| 2021-10-21 09:59:00

Gaur amaitu da Aiaraldea suspertze sozioekonomikorako ponentziak egindako zirriborroari ekarpenak eta alegazioak aurkezteko epea, eta EH Bilduk taldeak 27 ekarpen edo zuzenketa aurkeztu dizkio jatorrizko testuari. Horietako bat eskualdeko ekonomia era orekatuan suspertzeko estrategia gune bat sortzea planteatu du. Bertan, toki erakundeek osatutako garapen-agentziak eskualdeko ikuspegia duen zuzendaritza bateratu baten pean bildu nahi da. “Gure ustez zuzendaritza horrek partaidetza publiko eta pribatua bultzatu behar du eta horretarako hiru tresna berri sortu behar ditu; batetik, aholkularitza emango duen eskualde kontseilua; bestetik, sektore ekonomiko berrientzako prestakuntza-eskaintza eta, azkenik, kooperatiba-ekintzaileentzako laborategia”, azaldu du Unai Fdez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak.

Bestalde, eta Berpiztu planaren baitan aurreikusten den aurrekontua igotzea planteatu du EH Bilduk. Gehienez, 24 milioi euro inbertitu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak baina EH Bilduk 27 milioi euroko inbertsioak proposatu ditu. Guztira, 10 proiektu aurkeztu ditu EH Bilduk, 6 lan-ildotan bilduta, ponentzian eskualdeko hainbat eragilerekin partekatu ondoren. Horietako lan-ildo bat lehen sektoreari lotuta dago eta egun dagoen gabezia bati erantzun nahi dio. Laudioko hiltegia da eta jada eraikita dagoen eraikinaren eguneratzearekin batera, EH Bilduk haragirako transformazio-zentro bat egitea planteatu du. Bertan, abeltzaintzako animalia txikiak zein elikagaiak transformatu ahal izango lirateke. Eta horrekin batera, eskualdeko sukalde zentral bat egitea proposatu du EH Bilduk. Proiektuak, besteak beste, zentro publikoetako jantokietarako 0 kilometroko menuak prestatuko lituzke, hainbat eragileren lankidetza sustatuz: lehen mailako ekoizleena, produktuen eraldatzaile zein banatzaileena eta ostalariena.

Datorren astean eztabaidatu eta bozkatuko dira diktamen horri egindako ekarpen eta zuzenketa guztiak eta orduan ponentziak bere lanak amaitutzat emango ditu. EH Bilduk proposatu zuen ponentzia hori sortzea aurreko legealdian eta, bere ustez, Aiaraldeko egoera sozioekonomikoak larria izaten jarraitzen du. Horregatik, inbertsiorik altuena industria arloan egitea planteatzen du. Guztira 11 milioi euroko inbertsioa, bi proiektutan banatuta:

Batetik 6 milioi euro altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzeko planteatzen dira, horrela energia-kontsumoa eta CO2-isuriak murrizteko, hondar-beroa berreskuratzeko eta energia berriztagarriak in situ ekoiztu eta kontsumitzeko. “Uste dugu eskualderako traktoreak diren enpresetan ez dela nahi adina inbertitu, eta azken belaunaldiko altzairutegi eraginkor bihurtu arte egin behar dugula aurrera”, zehaztu du Fdez de Betoñok.

Eta bestetik, EH Bilduk beste 5 milioi euroko inbertsioa planteatu du, industria arloan lurzoru-eskasia dela eta, jada dauden lurzoruak berrerabiltzeko eta hutsik gelditu diren industria-nabeak, hondakinak eta antzinako industria-orubeak enpresa berriak zabaltzeko edo proiektu berriak kokatzeko.

Horrekin batera, turismo eta kultura arloan ere proposamenak egin ditu. Azken atal horretan, eskualdeko kultura berpizteko plan bat egitea eta eskualdeko tokiko kultura-sortzaileak laguntzeko lerro bat zabaltzea ezinbestekoak ikusten ditu EH Bilduk.