Aiaraldeko Berehalako Ekintza Plana onartu eta hiru urtera, EH Bilduk ekintza guztien betetze maila ezagutu nahi du. Izan ere, plan horri lotuta, 29 milioi euro inguru inbertitzea aurreikusten zen, baina neurri horietako asko ez dira gauzatu.
Proiektu bakoitzaren egoera ezagutzeko asmoz, EH Bilduk galderak egin dizkie Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko, Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasuneko eta Kirol eta Kulturako foru diputatuei.
EH Bilduk dituen datuen arabera, kultur arloko proiektuak bakarrik amaitu dira diru partida horien exekuzioa udalerrien esku egon delako. Gainerako eremu guztietan, gauzatze-ehunekoa % 4,7 eta % 57 artekoa da. Datu orokorrak hartuz gero, Berehalako Ekintza Plan osoaren gauzatze maila ez da %50ra heltzen.
"Hala ere, Arabako Ahaldun Nagusiari entzun diogu foru-erakundeak aurreikusitakoaren % 101 bete egin dela. Ditugun datuak helburu hori lortzetik oso urrun daudenez, inplikatuta dauden sail guztietan galderak erregistratu ditugu ", azaldu du Nerea Martinez Cerrillo EH Bilduren Batzar Nagusietako prokuradoreak.
EH Bilduk, beraz, datozen asteetan argitu nahi du zein den plan horren gauzatze-egoera, eta, aldi berean, 2022an aurkeztu behar zen Aiaralderako Plan Estrategikoa martxan jartzeko eskatu du.